Ikasle Abertzaleak bere jarduna eta euskal eskola nazionala morez margotzen ari da
Feminismoa hitzetik ekintzetara eraman nahi du Ikasle Abertzaleak mugimenduak eta ikasturte honetan lehen urratsa eman dute: emakumeak sareratzea. Lan andana dute ikusmiran, patriarkatua «suntsitzea» baitute helburu, «hezkuntza sistema irauliz».
Oihana LLORENTE
Feminismoz busti nahi du Ikasle Abertzaleak (IA) mugimenduak ikasle eta abertzaleen izaera eta praktika. Horrenbeste amestutako Euskal Eskola Nazionala morez margotu nahian dabiltza, baina bereziki feminismoa sustraietatik loratzeko ahaleginetan ari dira. «Egungo patriarkatua suntsitu eta parekidetasunean oinarritutako eskola eraikitzea» da beraien asmoa, hala argitu du behintzat Ainhoa Mendibil IAko kideak. Alta, eskola eredu hori eskuratu bitartean, IAren beraren jarduteko moduetan jarri dute arretarik handiena, eta dagoeneko hainbat aurrerapen egin dituzte ikasturte honetan bertan.
Ikasle Abertzaleak antolakundeak urteak daramatza hezkidetza eskubidea aldarrikatzen; haatik, urte guzti hauetan zehar egindako ekarpena Martxoak 8aren karietara egindakora mugatu izan dela aitortu du Mendibilek. Horregatik, hori aldatzeko bidean eta batik bat IA osatzen duten nesken eta mutilen «kontzientzia feminista» indartzeko asmoz IAren barneko hainbat emakumek, gogor ekin diote lanari.
Lehen hitzordua, Ikasleen Nazioarteko Egunarekin batera etorri zen, Usurbilen egindako Ikasle Egunaren harira Ikasle Emakumeen lehen Topaketak egin baitziren, Euskal Herri osoko eta ikas-adar anitzetako nesken parte hartzearekin. Bertan, emakumeen kontrako indarkeriaz eta zehazki, hezkuntzak indarkerian duen eraginaz luze eztabaidatu zutela adierazi du Mendibilek. Ondorio gisa, gainera, IAk aurrerantzean hartuko dituen konpromisoak biltzen dituen adierazpena kaleratu zuten, eta edozein jarrera matxistaren aurrean erantzuteko beharra azpimarratzen da bertan.
Topaketen ostean, IAko Emakumeen Lehen Batzar Nazionalaren txanda izan zen, martxoan. Bertan, «nondik gatozen aztertu, eta emakumeon artean partekatu nahi genuen», azaldu du Mendibilek, eta helburu horrekin diagnostiko bat egin zutela gogorarazi du. «Nahi gabe bada ere, IAren barruan ere, kanpoan aurkitzen diren jarrerak egon badaude» azaldu du. Horren adibide, gazteen artean erabiltzen den hizkuntza sexista, edota lan militanteak banatzeko orduan, ohartu gabe, generoen araberako banaketa egiten dela deritzo IAko kide honek.
Egoera hori iraultzeko «kontzientzia» nahitaezkoa dela sostengatu zuen, askotan era horretako jarrerak konturatu gabe hartzen direlako. Haatik, norberak egin beharreko prozesu horretaz gain, IAk «barne protokolo» bat ere abian jarri duela adierazi du.
Ikasle emakumeak bakarrik biltzea «oso positibotzat» jo du Mendibilek, finean, haren ustez, emakumea da «zapalduta dagoen kolektiboa» eta horregatik, egoera irauli ahal izateko ezinbesteko deritzo «emakumeen arteko komunikazioa, koordinazioa eta antolakuntza sustatzea».
Emakumeen batzar nazionala atzean geratu den arren, urtero-urtero errepikatu egingo dutelakoan dago Mendibil eta gainera, bertan sortutako emakumeen sarea elikatzeko, blog itxurako tresna sortu dute. Bertan hamaika aukera dago, eztabaidatzeko, elkar informatzeko eta buruak janzteko.
Hezkuntza, indarkeria birproduzituz
Pertsona aske eta integralak hezteari muzin eginez, sistema kapitalistaren mantenua bermatzeko ezinbesteko tresna bilakatu da hezkuntza, IAren iritzira. Horretaz gainera, kapitalismoaren beraren biziraupena, gizon eta emakumeen arteko botere hierarkia horren testuinguruan, bestela ezin dela ulertu uste dute, eta horregatik, ondorio argi batetara iritsi dira: «Hezkuntzak jendarteak arau eta balio soziokulturalak barnera ditzan jokatzen duen papera kontuan hartuta, emakumeenganako indarkeria birproduzitzeko tresna ezinbestekoa da». Zehazki, gizartean agertzen diren harreman ereduak errepikatu egiten ditu eskolak IA-ren ustez; eta ondorioz, etorkizunean erasoengatik jazarriak edo erasoen egileak izango diren horiek ari dira hezten, «hori aldatzeko ezer egin gabe» gehitu du.
IAren aburuz, genero maskulino eta femeninoarengan eragiten duten baldintza sozio-kulturalen ondorioz gertatzen da emakumeen aurkako indarkeria. Hala, indarkeria hori «egiturazkoa» dela adierazi du eta hortaz, hura gainditzeko hezkuntzak berak bete beharreko eginkizuna «ezinbestekoa» dela nabarmendu. Horiek horrela, ikasle mugimenduak etxe barruan egin beharreko lan mardulaz gaindi, ekarpen zuzena egin nahi dio borroka feministari eta ikasgelako eta eskoletako espazioa du horretarako jomugarik naturalena.
Ikasturte honetan zehar egindakoa azaldu ostean, «hasiera besterik ez dela» argitu du Mendibilek, datozen ikasturteetan barruko lanaren zein kanpokoaren fruituak ikusten hasiko diren uste sendoa baitu. Orain arte, «kontzientzia piztea» izan dute xede nagusia, aurrerantzean, ordea, «hezkuntza sistema irauliz, patriarkatua suntsitzea» izango dute erronka.