Aizkora Urrezko lehiaketa
Larretxea aita-semeak izango dira finalean
Donato maila nagusikoan arituko da, eta Ohian, berriz, 18 urtetik beherakoetan
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Larretxeatarren familian egun berezia izango da datorren larunbatekoa. Izan ere, gauean, Azpeitian jokatuko den Urrezko Aizkorako finalean aita eta semea, biak izango baitira. Aitak, Donatok, maila nagusiko finala izango du eta, semeak, Ohianek, berriz, 18 urtetik beherakoena.
Sarritan suertatzen ez den kasualitatea izaten da hau, baina ez da lehen aldia. Esaterako, Binakako Urrezko aizkoran, gauza bera gertatu baitzen. Orduan Donatok binakako finala jokatu zuen eta Ohianek, berriz, gazteena. Ohianek, gainera, bere lehengusua, Garikoitz izan zuen lagun. Donatok, aldiz, Aitzol Atutxa. Egun hartan, eta oraindik ez dira hiru hilabete igaro, Larretxeatarrek txapela jantzi zuten. Larunbatekoa zailagoa izango da, baina itxaropentsu joango dira Azpeitira.
Donatok herenegun erraz lortu zuen finalerako txartela, eta han Floren Nazabal egungo txapelduna izango du zain. Iazko finala errepikatu egingo da, baina bestelako emaitza lortzea espero du Larretxeak. Semeak, lan gehiago egin behar izan zuen finalerdietan azkeneko saio honetara heltzeko, eta finalean Ander Erasun izango du. Agian jokatuko diren hiru finalen artean hori da jendeari ikusmin handiena sortzen diona, aizkolariak berriak baitira, eta jendeak berriak ikusteko gogoa baitu.
Larretxeatarren kasua ez da bakarra, Mugertzatarrak ere izanda baitaude final batean. Binakakoan izan ziren; aita Arrospiderekin bikoa osatuz izan zen, eta bere bi semeak, berriz, elkarrekin bikoa osatuz, gazteen mailan. Egun hartan gazteek irabazi egin zuten, baina ez aitak. Hala ere, Larretxeatarren eta Mugertzatarren kasua ez da ohikoa, baina bi familia hauen artean lau aizkolari gazte daude, eta hori pozgarria da.