GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sega

Euskaldunek lan ona egin dute Alemanian

p038_f01.jpg

J.L. | DONOSTIA

Euskal Herriko hiru segalari Alemanian izan dira bertan jokatu den nazioarteko lehiaketa batean, eta oso lan ona egin dute; horietako bik, Altzok eta Alkortak, hirugarren eta laugarren amaitu dute txapelketa.

Nazioarteko eran aritu dira, Euskal Herritik kanpo egin ohi den moduan, baina txapelketa sega txikiarekin jokatu da. Erreminta horrekin Euskal Herrian ia ez dira aritzen, baina ezin esan gaizki moldatu direnik. 30 segalari aritu dira gizonezkoen mailan, euskaldunak aritu diren lehiaketan.

Irabazlea Schmit alemaniarra izan da. Bigarren, berriz, Mayer izan zen, hau ere Alemaniakoa. Segalari hau aski ezaguna da Euskal Herrian, nazioarteko lehiaketetan beti goi mailan ibili delako. Hirugarren lekua Altzorentzat izan da, eta laugarrena, berriz, Alkortarentzat. Hirugarren euskalduna, Llobregat izan zen, eta berak hamaseigarren postuan geratu da.

Altzoren esanetan, lehenengo biak, besteen gainetik agertu omen ziren: «Schmit iaz ikusi genuen, eta irabazi zezakeen saioan segaren kirtena apurtu eta ihes egin zion garaipenak. Aurten berriro ere erakutsi du zer-nolako maila duen. Oraindik ez da ezaguna, baina zeresan handia emango du. Mayer, berriz, ezaguna dugu guztiok, eta maila ona eman zuen. Lehenengo biek, gainerakoei koska bat kentzen zigula uste dut», adierazi du zaldibiarrak.

Gustura

Egindako lanarekin ere oso gustura agertu zen Altzo: «Egia esan, hirugarren postutik atzera lehiakortasun handia izan zen, eta tarte txiki batean segalari asko geunden. Alkortak, esate baterako, saila ni baino azkarrago moztu zuen, baina nik txukunago ebaki nuen, eta horregatik amaitu nuen aurretik. Lehiaketa honetan, goi mailako segalariak falta izaten dira, baina txapelketa bera polita da, eta gustura amaitu dugu», esan zuen gipuzkoarrak.

Saioaz gain, egindako harremanekin ere oso kontent geratu ziren: «Hori ere oso garrantzitsua da. Herrialde askotako jendearekin egon gara, eta gure berri eman diogu. Beste torneo batzuetara joateko gonbita jaso dugu, baina ez dakigu aurten beste irtenaldirik egingo dugun. Hala ere, lehiaketa hau oso garrantzitsua izan da guretzat, ez kirol mailan bakarrik, baita harremanei dagokienez ere», esan zuen.

Orain, hemendik bi astera berriro ere Euskal Herriko Ligako jardunaldia izango dute Igorren, eta han izango dira Alemanian izandako hiru kirolariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo