GARA > Idatzia > Kirolak

Kirol sustapena «BAT, Basque Team» proiektuaren aurkezpena

Euskal kirolariak nazioartean ezagutarazteko marka berria

BAT goi-mailako kirol ez-profesionalaren erreferentzia nagusia izango da EAEn, kirol diziplina olinpikoak, olinpiko ez direnak eta kirol egokitua barne hartuta

p036_f02_97x87.jpg

GARA | BILBO

Atzo aurkeztu zuten Bilbon Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskal Irrati Telebistak bultzatutako Euskadi Kirol Fundazioaren «BAT, Basque Team» proiektua. Hain zuzen ere, hori izango da EAEko kirolari ez-profesionalak nazioarteko lehen mailako probetan ezagutarazteko marka. Lakuako Kultura sailburu Miren Azkaratek azaldu zuenez, «Euskadi Kirola Fundazioa iazko azaroan eratu zen eta bere xedea goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da ordezkaritza zabala izan dezan goi-mailako lehiaketetan».

Euskadi Kirola Fundazioaren helburuei jarraituz, ekimenak prestakuntza hobetzeko sostengua emango die goi-mailako kirolariei eta entrenatzaileei. Horretarako, maila goreneko kirol erakundeekin lan egingo du.

Horrez gain, kirolarien prestakuntza bultzatu eta goi-mailako kirol jarduerari aplikatutako ikerketa sustatuko da. «BAT Basque Team» marka eliteko kirolaren erreferentzia bihurtzea lortu nahi da, diziplina olinpikoak, ez-olinpikoak eta kirol egokitua barne hartuz.

Euskadi Kirola Fundazioaren proiektuak ez ditu talde edo selekzioak babestuko, gizabanakoak baizik. Hori bai, onuradunak taldekako kiroletan ari daitezke.

«BAT Basque Team» ekimeneko onuradunak errendimenduan oinarritutako puntuaketa baten bidez hautatuko dira eta bekak berritzeko derrigorrezkoa izango da kirolari bakoitzaren banakako emaitzak berrikustea. Laguntzak bestelako diru-sarrerekin bateragarriak izango dira.

Fundazioak 59 kirolariri eman die sostengua orain arte; horietatik 24, Pekingo Joko Olinpikoetan izango dira. Besteak beste, Naroa Agirre, Iñaki Lejarreta edo Mikel Odriozola.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo