GARA > Idatzia > Mundua

Demokraten primarioak gaur amaituko dira, baina lehiak jarraipena izango du

Montana eta Hego Dakotan izango dituzte gaur AEBetako Alderdi Demokratako azken primarioak. Adituen ustez, Barack Obama aterako da garaile bietan. Hala ere, Hillary Clinton ez dago prest lehia alde batera uzteko eta abuztuko konbentziora arte jarraituko du kanpainan.

GARA |

Bihar amaituko dira AEBetako Alderdi Demokrataren barneko hauteskunde primarioak. Barack Obamak hautagai izatea lortuko duela badirudi ere, Hillary Clintonek oraindik ez du esan noiz utziko dion lehiari.

New Yorkeko senatariak garaipena lortu zuen igandean Puerto Ricon eta bere aldekoek behin eta berriz errepikatzen dute azaroan John McCain errepublikarrari irabazteko aukera gehien dituen hautagai dela.

Horrekin batera, Clintonen aldekoek primarioetan boza gehiago lortu dituztela esaten dute. Obamaren aldekoek, berriz, horretarako Michigango emaitzak kontuan hartu behar direla erantzuten dute. Gogoratu behar denez, Alderdi Demokratak Michiganeko primarioak ez zirela baliogarriak erabaki zuen. Horrenbestez, Obamak ez zuen bertan kanpainarik egin.

Ordezkariei dagokionez, Illinoiseko senatariak aurrea hartu du nabarmen. RealClearPolitics institutuaren arabera, Obamak soilik 50 ordezkari ditu faltan hautagai bilatzeko. Clintonek, berriz, 200 baino gehiago behar ditu.

Terry McAuliffe Clintonen kanpaina zuzendariaren arabera, Alderdi Demokratak hauteskundeak galduko ditu azaroan McCainen aurrean New Yorkeko senataria hautagai izendatzen ez badute. Horrez gain, demokratek herritarren boza gehien lortu ez zuen hautagaia izendatu zuten azken aldian emaitza benetan txarrak lortu zituztela gogoratu du -1972an izan zen George McGovernekin-. Orduko hartan, Massachussets eta Washingtonen izan ezik, gainontzeko estatu guztietan galdu zuten Richard Nixonen aurrean.

Azkeneko primarioak gaur egingo dira Montana eta Hego Dakotan. Obama da faboritoa bi estatu horietan. Dena den, ez du izendapena lortzeko beharrezko 2.118 ordezkariak lortzeko aukerarik. Hala ere, adituek diotenez, Montanan eta Hego Dakotan irabaziko balu, ordezkari berezien sostengua bereganatuko luke. RealClearPolitics institutuaren arabera, 180 ordezkari berezi inguru daude oraindik zalantzan eta Obamak nahikoa du horietatik 20-30 ingururen sostengua garaipena lortzeko.

Dena den, Clinton ez dago behartuta garaitua izan dela onartzera eta ordezkari berezien erabakia alda dezake oraindik. Izan ere, horiek, aukeratutako ordezkariak ez bezala, ez daude behartuta hautagai baten edo bestearen alde bozkatzera. Ez hori bakarrik, iritziz alda dezakete inolako azalpenik eman gabe.

Horiek horrela, Alderdi Demokrataren hautagaiaren izena ez da abuztuaren 25etik 28ra Denverren egingo den konbentzioa arte erabakiko.

Florida

Floridako primarioetako bozek balio erdia izateko erabakiaren aurka egin dezake Clintonek. Hasiera batean, Michigan eta Floridako primarioak kontuan ez hartzea erabaki zuten alderdiko buruek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo