GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Eneko Compains, Erruki Ezkurra (*) Nazio Plaza ekimenaren deitzaileak

Nazio Plazaren bila

Egoera iluna marraztu nahi digute, baina argiak ere baditu gaur egungo egoerak. Egoera zaila eta gogorra izanik ere, uste dugu gure herria aukera errealak eskaintzen dituen ataka historiko batean aurkitzen dela, aldaketa garrantzitsu baten atarian dagoela, alegia

Plaza: hiri edo herri barruetan izan ohi den hiritarturiko zabalgunea. Horixe dio Adorez 2 euskararako hiztegi zaharrak. Askotan baina, hiztegiak bere definizioan dioena baino askoz gehiago bilakatu dira plazak, definizio hotz horretatik harago joanda, plazak, historian sarri, herri, langile nahiz pertsonen eskubide eta askatasunei gorazarre egiteko topaleku erraldoia izan direlako. Eta direlako.

Adibide andana topa ditzakegu mundu zabalean zehar (epaitu gabe horiek hobeak edo okerragoak diren): Sobietar Batasunaren garairik gorenetan Moskuko Plaza Gorria, Kuban La Habanako Iraultza Plaza, Buenos Aireseko Maiatzeko Plaza Argentinan, Mexiko DFko Zokalo plaza...

Hemen, Euskal Herrian, ez dugu nazio osorako erreferente den horrelako plaza handirik; ziurrena aipatu herriek beraien askatasunaren alde emaniko urrats esanguratsuak gaurdaino eman ez ditugulako izango da. Baina horrek ez du esan nahi Euskal Herrian geldi gaudenik, ezta gutxiago ere! Batzuetan ikusezin egin nahi badute ere, norabide horretan urrats txiki bezain garrantzitsuak ematen ari gara.

Egun Euskal Herriak bizi duen egoera ez da batere erraza, ezta xamurra ere. Hori herritarrok ikusi eta batez ere sentitzen dugun errealitate ukaezina da. XXI. mendean erabat murgilduak gaudelarik, estatu espainiar eta frantsesak gure herriaren nazio izaera ukatuz, lurralde zatiketa ezarriz eta iraunaraziz, eta erabakitzeko eskubidea ukatuz, gure herriaren etorkizunaren gaineko erabaki nagusiak hartzen jarraitzen dute. Ondorioz, gatazkan bizi da gure herria eta horren ondorio larriak egunez egun ikusten ditugu.

Aipatu ezaugarri guztiak ikusirik, egoera iluna marraztu nahi digute, horretan ez da zalantzarik. Baina argiak ere baditu gaur egungo egoerak, eta horiek nabarmendu eta bultzatu asmo ditugu. Egoera zaila eta gogorra izanik ere, uste dugu gure herria aukera errealak eskaintzen dituen ataka historiko batean aurkitzen dela, aldaketa garrantzitsu baten atarian dagoela, alegia.

Egungo egoera bermatzen duen markoa auzitan dago, agortua abertzale gehienen ikuspegian; «beste zerbait» behar du gure herriak eta horren erakusgarri dira azken hilabeteetan ezagutu ditugun proposamen edo eta ekimen multzoa: dela Ibarretxeren ekimena, Loiolako negoziazioak, Batasunaren marko demokratikorako proposamena, Ipar Euskal Herrirako autonomiaren inguruko eztabaida abertzale ezberdinen eskutik... Geroz eta zailagoa da egungo markoaren zilegitasuna defendatzea, bertan Euskal Herriak hitza eta erabakia duenik defendatzea. Ez baitu.

Aldaketa baten atarian egon gaitezkeen ataka honetan Nazio Eztabaida Guneak lau oinarri politiko indartu nahi ditu: nazio aitortza-nazioa gara, erabakitzeko eskubidea, lurraldetasuna-zazpiak bat eta eskubide indibidual nahiz kolektiboen errespetua. Euskal Herriaren etorkizunaren gaineko edozein akordiok bildu beharrekoa oinarriak dira, horiek egun korapilo direlako bizi baikara gatazkan. Eta horregatik indartu nahi eta behar ditugu orain.

Bide horretan, gaurdanik eta Euskal Herriaren arazo guztiak konponduko diren egun «magiko» baten zain egon gabe, urratsak ematen ari gara gure herrian aldaketa politikoa posible egingo duten baldintza sozial eta politikoak sortzen laguntzeko. Horrela ari gara oinarri horien alde aldarrikapen eta sozializazio lana eginez (alderdi, sindikatu, eragile eta herritarrekin Aberri Egunean egin genuen bezala), baita oinarri horien gainean nazio eraikuntza lana sustatuz, auzolanean, herritarrekin eta eragileekin.

Eta zergatik aldarrikatu eta eraiki, biak parez pare? Bada, estatuek herri honi inoiz ezer aitortu badiote aurretik euskaldunok martxan jarri eta errealitate ukaezin bilakatu dugulako izan delako, euskarazko irakaskuntzaren onarpena horren adibide. Horrexegatik.

Zentzu osoa du estatuen eta munduaren aurrean nazioa garela aldarrikatzea, are eta zentzudunagoa da nazioa eraikitzen joatea, ikurrina udaletan jartzea, kirol ezberdinetan selekzio nazionala sustatzea edota gure herrian milaka eta milaka EHNA martxan jarri eta erabiltzea; urrats atzeraezinak emanez, pixkanaka-pixkanaka dagozkigun eskubideak egikaritzen goazelako. Ukazioari praktika sozial eta herritarraren bitartez gailentzen gatzaizkiolako.

Eta berdin hezkuntzan, euskaran, lurralde zatiketaren gaindipenean, parekidetasunean... ehunka lirateke jarriko genituzkeen adibideak.

Herri bizia garelako mantendu dugu burujabetzaren atea zabalik gaurdaino. Orain inoiz baino gehiago, abertzaleok, herritarrok, elkarlanean arraun egin behar dugu norabide horretan; egoera elkarlanerako batzutan zaila bada ere, erantzukizunez eta konpromisoz jokatzea dagokigu. Guk egiten ez badugu, inork ez baitu egingo. Euskal Herria garelako.

Gaur Iruñean horretan laguntzeko aukera izango du gogoa duen euskal herritar orok. Herri gogoa egon, egon badagoelako. Euskal Herriak ez du Plaza Gorririk, ez Maiatzeko Plazarik, ez Zokalorik. Konbentziturik gaude baina, lehenago edo beranduago guztiok bilduko gaituen Euskal Herria plaza izango duela gure hiriburu handiak, dagokiguna eskuratu dugun seinale. Hori lortze bidean bilaka dezagun denon artean, egun batez bada ere, Iruñeko bihotza den Gaztelu enparantza Nazio Plaza, herri oso bat aldaketaren alde martxan dagoela erakutsiz. Asko gara, gogoa dugu eta lortuko dugu! Auzolanean gorpuztu dezagun Euskal Herria!

(*) Unzalu Salterain eta Castillo Suarez deitzaileek ere sinatzen dute artikulu hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo