Sanferminen zain Lizartzan
Elkartzeko falta diren egunak zenbatzeko erlojua
Beti horrela ez bada ere, istorio atseginen sorburu ere izan daitezke kasualitateak. Galde diezaietela bestela Lizartzako Jose Mari tabernan geldialdia egin zuten bi gazte atzerritarrei. Hogeitaka urte igaro dira eta, denbora horretan, harreman sendoak egin dituzte. Horren erakusle, tabernari oparitutako erlojuak berriz ere elkar ikusteko falta diren egunak zenbatzen ditu; hau da, sanferminetarako falta direnak.
Maider EIZMENDI
Kosta egiten da, maiz nahi baino gehiago, irribarrea eragiten duten istorio bitxiekin topo egitea. Aspaldi honetan bestelako kon- tuak direla-eta ezagunagoa egin den Tolosaldeko Lizartza herrian, ordea, aspaldi hone-tako pasadizo kuriosoenetakoa aurkitu dugu Jose Mari tabernara sartu eta erloju bitxi bat ikustean.
Denbora gelditu egiten dela dirudi herri honetan. Eta non eta bertan topatu dugu abiadura bizian eta atzeraka denbora zenbatzen duen erloju bitxia; digitala da eta zenbaki gorri ugari ditu. Tabernaren sarrerako atearen gainean dago kokatuta, eta zerbitzatutakoa gustura hartu eta aldamenean duzunarekin elkarrizketan arituta ere, ia ezinezko gertatzen da estreinakoz joandakoan erlojuari adi-adi ez geratzea.
Jada ohituta daude bertako langile eta bezeroak lelo aurpegiarekin erlojuari begira geratzen direnak ikusten eta, horregatik akaso, herriko bizilagunen bat segituan azaltzen da azalpena emateko prest. «Zenbat egun falta diren esaten digu horrek», esan zigun adi- nean sartutako herritar batek lehenengoz erlojua zer ote zen galdetutakoan.
Zenbat egun? Baina zertarako? Gogaikarria ez izateko, isil antzera geratu ginen azalpen gehiagoren zain. Antzeman zuen, nonbait, gure jakin-mina, besteren artean, ezertxo ere ulertu ez duenak jarri ohi duen lelo aurpegia ezkutatu ezinean genbiltzalako. «Sanferminetarako zenbat egun falta diren adierazten du». Kontxo! Nork esan behar zigun Lizartzan sanferminak horren gogotsu itxaroten zituztenik?
Aitonak azalpenak ematen jarraitu zuen: «Urtero etortzen diren ingeles batzuk jarri zuten orain urte batzuk». Eguerdiko hamabiak jotzear zirela hurrengoa azaldu zuen: «Orain egunen zifra aldatuko da, itxoin». Gu zenbaki horiek nola aldatuko zain. Irribarretxoa aitonak: «Ikusten!».
Berriz ere buruari bueltaka: «Zer ingeles? Zeintzuk dira horiek?». Maribi Beldarrain Jose Mari tabernako jabeak eman zigun erlojuaren eta atzean ezkutatzen duen istorioaren berri. «Aspaldiko urteetan herrira etortzen den atzerritar talde batek jarri zuen. Hemen pasa zuten urte zahar gaua milurteko aldaketan eta ordutik dago tabernan». Uztailaren 6an eguerdiko hamabietan Iruñeko plazan suziria jaurtikitzen duten unean bertan amaituko da atzerako zenbaketa, orduan jarriko da hutsean erlojua; jarraian, hurrengo zazpi egunetan, sanferminak irauten duten 204 orduak zenbatuko ditu. Ondoren, berriz ere atzeraka abiatuko da.
Ingeles festazaleak
Erlojuak atentzioa ematen du, baina tramankuluaren atzean askoz ere deigarriagoa den istorioa dago ezkutatuta. Sakontzeko hogeitaka urte atzera joan beharra dago. Orduan iritsi ziren herrira Holandako eta Britainia Handiko bi gazte, kasualitatez. «Iruñetik Donostiara zihoazen eta lehen A-15 autobidea ez zegoenez, hemendik pasa behar izaten zen. Tabernara sartu eta sanferminetan zeramaten guztia lapurtu egin zietela eta hainbat pasadizo kontatzen aritu ziren; denbora luzean egon ziren bertan kontu-kontari», azaldu du. Tabernan eta herritarrek egindako harrera gustuko izan zuten, zalantzarik ez. Hurrengo urtean, hamar bat laguneko taldea etorri zen sanfermin garaian eta Maribiren koinatak tabernaren aldamenean duen ostatuan egon ziren hainbat egunez.
Urteak pasa dira ordutik, «22 uste dut», eta denbora horretan guztian, halabeharrez sortutako harremana estutu baino ez da egin. Izan ere, bigarren urtean hamar lagun etorri zirenetik, urtero jaso izan dute ordezkaritzaren bat herrian. «Urte batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago. Gaur egun hasiera hartan etorri zirenen seme-alabaren bat ere etortzen da. Ezagutu genituenean oso gazteak ziren, baina gure antzera urteetan aurrera egiten ari dira eta denak ez dira urtero etortzen». Oso gogoan du, esaterako, berrogei bat lagun etorri ziren urtea: «Tropa ederra etorri zen orduan!». Ostatuan denentzako tokirik ez eta aldameneko zelaian kanpina jarrita egon ziren batzuk; beste batzuk, berriz, furgonetan egiten zuten lo.
Festazaleak izanik, sanferminak ez ezik, udan izaten diren bestelako jaiak ere ezagutu dituzte «ingelesek». Ez hori bakarrik, irailean Lizartzako jaietara eta neguan Tolosako inauterietara ere bertaratu dira. «Lehen udaran hogei bat egun etortzen ziren, orain batzuk aste bete, besteak hamar egun...». Horrenbesteko estimua hartu zioten nonbait herriari, etortzen diren bikoteetako bik Lizartza aukeratu zutela ezkontzeko. «Izugarrizko boda egin zuten gainera», zehaztu du Beldarrainek. Lagun harreman sendoa egin dute eta Beldarrain bera Londresen egona da Lizartzan ezagututako bi britainiarren ezkontzan. Jaso dituzten delegazioak handiak eta anitzak dira: «Amsterdamen bizi dira etortzen diren bi lagun eta gazte ugari joan da herritik haiengana hiria ezagutzeko. Guztiak primeran jaso dituzte».
Herritarrek bere egin dute
Ezagun egin dira herrian eta herritarrentzat; horregatik, inork ez du galdetzen erlojuaren gainean. «Denek dakite ingelesek jarritakoa dela eta zertarako jarri zuten». Kanpokoek erreparo gehiago izaten dutela dio. «Batzuk begira begira egoten dira, baina ez dira ausartu ere egiten zertarako jarrita dagoen galdetzera». Herritarrek, berriz, apenas erreparatzen diote jada, ohitu egin baitira bertan erloju handi bitxia ikustera.
Urteak pasa dira, baina oraindik irribarrez gogoratzen du erlojua matraka bat baino gehiagoren sorburu izan dela. «Ez zela posible, ordu aldaketa zela eta ez zuela bat egingo suziriarekin... Eztabaida ugari izan dira tabernako bezeroen artean». Denboraren joanean, erlojua bere egin dute, zeharka begiratzen dute eta, nola ez, sanferminetarako falta diren hilabete, egun, minutu eta segundoak zaintzen dituzte. Gaur eguerdiko hamabietan 29 egun markatuko ditu, Iruñeko udaletxetik suziria jaurtikitzeko falta direnak.
2000. urtea hastearekin batera jarri zuten Lizartzako Jose Mari ostatuan sanferminetarako falta diren egunak zenbatzen dituen tamaina handiko erloju digitala.
22 urte daramatzate atzerriko hainbat lagunek uztailaren bueltan Lizartzara etortzen. Batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago; urteren batean 40 lagun ere bertaratu dira.
Hain gustuko dute nonbait herria, etortzen diren bikoteetako bik Lizartzan ezkontzea erabaki zutela. Jose Mari ostatuko langileak ere joan izan dira atzerrira haien ezkontzak ospatzera.
Herritarrak jada ohituta daude erlojua ikustera, baina kanpotik etortzen direnei atentzioa ematen die nabarmen. «Zenbait ez dira ausartu ere egiten zertarako den galdetzera», argitu dute ostatuan.