Sonia Gonzalez Idazlea
Noren seme-alabak?
Modako berba «krisia» da: krisi energetikoa, finantzarioa, ekonomikoa... Krisia langileontzat, jakina, beste batzuentzat dezelerazioa besterik ez delako; hau da, lehen 100 irabazten bazuten, orain, gizagaixoek, beharbada, 70 baino ez dute irabaziko
E ndesaren iragarkiak «Para los hijos de tus hijos» dio, «Tomorrow» kanta ezaguna entzuten den bitartean. Energia multinazionalen artean lehian dabiltza ea nor den arduratsuena, ea nork zaintzen duen ingurumena hobeto, ea nor ahalegintzen den gehien etorkizun hobea eraikitzen. Honela, Endesak gure seme-alaben seme-alabengan pentsatzen duen bitartean, Iberdrolak zera dio: «El futuro que estamos construyendo lo hemos hecho bien. Entre todos. Para todos». Eta nire gustukoena, dudarik gabe, Repsolena: «¿Cómo no vamos a ser capaces de proteger lo que más nos importa?». Eta azken horretan arrazoi osoa eman behar diet, jakina, eurei gehien inporta zaiena ondo baino hobeto babestu, babesten eta babestuko dute-eta.
Baina Endesa bera Garoñaren % 50aren jabea da, eta duela gutxi erradiazioa isuri zuen Asco zentralaren % 100arena. Gogoratu sei eskoletako umeak joan zirela zentralera bisitan sasoi horretan, baina, antza, ume horiek guztiak ez ziren inoren seme-alabak edo, behintzat, ez zeukaten Entrecanales Domecq, Brentan edo Miranda Robredo abizenik.
Multinazional batek ingurumenaren, gure osasunaren edota dirua ez den beste edozeren alde ezer egin dezakeenik ondo gaitza da sinesten. Are gutxiago petrolioaz ari bagara. Datu guztien arabera, badirudi hainbeste urtetan hain ugaria eta lortzeko hain erraza izan den petrolioa muga jotzera hurbiltzen ari dela; bestela ez lirateke ibiliko diru inbertsio izugarria eskatzen duten bestelako hobien bila. Hortaz, petrolioak behera egiten badu, argi dago bestelako erregaiak ekoitzi behar direla. Eta horra hor bioerregaiak; izen polita daukate, baina gero eta argiago erakusten ari dira zelako ondorioak ekar ditzaketen. Ez da ekarpen txarra etorkizunerako: petrolioa barik albokoak jan beharko lukeen artoa edo garia erabiltzen badugu erregaietarako, CO2 gutxiago botako dugu airera, eta, gainera, aldi berean milioika lagun goseak jota hiltzen badira, pentsa zenbat aurreztuko dugun oxigenoan!
Modako berba «krisia» da: krisi energetikoa, krisi finantzarioa, krisi ekonomikoa... Krisia langileontzat, jakina, beste batzuentzat dezelerazioa edo atzeraldia besterik ez delako; hau da, lehen 100 irabazten bazuten, orain, gizagaixoek, beharbada, 70 baino ez dute irabaziko.
Baina Euzkadin ez omen da arazorik egongo eta dezelerazio horri aurre egiteko prest daudela dabiltza lau haizeetara esaka. Ez dut zalantzan jartzen. Makroekonomia izugarri hazi bada azken urteotan, guk geuk ez dugu larregi igarri, gure poltsikoek igarri duten bakarra hipoteka sinestezinak, soldata igoera barregarriak eta prekarietate gordina izan dira. Eta orain, apur bat gutxiago irabazi behar dutenean, mehatxatzen gaituzte geu izan beharko garela gerrikoa estutu, gure mikroekonomia ziztrinak «kontrolatu» eta langabezia pairatu beharko dugunak, BBVAko presidenteak esan bezala. Familiek Gobernuari laguntzarik eskatu ezin diotela botatzen du batere gorritu barik lapur horrek, enpresentzako laguntzei, denon diruaz ordaintzen den inbertsio publikoari eta bankuentzako injekzio monetarioei muzin egin barik.
Gure bizi osoa horien eskuetan dago. Gure seme-alaben etorkizuna ere egongo al da?