GARA > Idatzia > Kultura

Robert Cray estatubatuarra gaur arituko da Getxoko Nazioarteko Blues Jaialdian

GARA | GETXO

Getxoko XX. Nazioarteko Blues Jaialdiaren egun nagusia izango da gaur. Izan ere, Robert Cray bluesman estatubatuar handiak kontzertua eskainiko du. Crayren aurretik, nolanahi ere, The Reverendos euskal taldeak ere joko du, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Robert Cray (1953, Columbus, Georgia, AEB) gaur egungo bluesaren artista handienetariko bat omen da. Musikari zorrotz, arretatsu eta perfekzionista amorratua da Cray, eta hainbat estilo jotzen ditu: blues, rock, rhythm&blues eta soula, besteak beste. Bere jarduera hasi zuenetik, eskola zaharreko bluesetik aldenduz, berezko estiloa garatu du.

Oso gaztea zela eman zituen Crayk lehenengo urratsak musikan. Arkitektura ikasketak hasteko prestatzen ari zela, Steakface taldea osatu zuen. 20 urte bete orduko, AEBetako mendebaldeko kostako blues aretoetan jotzen hasi zen. 1980an grabatu zuen lehenengo lana: «Who's Been Talkin».

Horren ondoren, «Bad Influence» eta «False Accusations» iritsi ziren. Mercury Recordsek Cray kontratatu zuen eta diskoetxe horren eskutik «Strong Persuader» egin zuen. Diskoak ospe handia eman zion eta Grammy sari bat ere lortu zuen horri esker.

1990eko hamarkada hasi zenerako, Cray artista ospetsua zen jada. Gitarra soinu bikainagatik eta soulak eraginiko ahotsagatik nabarmendu zen musikaria. Garai horretan Eric Claptonen mailako artistekin aritu zen eta John Lee Hookerren «Boom Boom» disko ospetsuan ere parte hartu zuen, «Sam Old Blues» abestiaren grabaketan, hain zuzen ere. Geroago Hookerrekin aritu zen berriro, «The Healer» lanean.

Gaur egun, Robert Crayk bere estilo gustukoenekin esperimentatzen jarraitzen du, bluesarekin eta soularekin alegia, eta, tradiziozko musikaren mugak alde batera utzita, generoa berritu eta lantzen du etengabe.

The Reverendos bizkaitarrak

Robert Cray maisuaren emanaldiaren aurretik -21.30ean hasiko da- The Reverendos talde bizkaitarra igoko da oholtzara. Ohi denez, Getxo&Blues jaialdiak euskal bluesaren aldeko apustua egiten du urtez urte eta, aurten, Alvaro Martinezek (gitarra), Igor Garciak (teklatuak eta ahotsa), Edu Uñak (kontrabaxua) eta Edu Landetak (bateria) osatutako laukoteak emango dio hasiera gaurko hitzorduari.

Hasiera batean Blue Spirits izena zeukan taldeak baina, gerora aldatu egin zuten. Bere jardueran The Reverendos taldeak bi disko kaleratu ditu; bigarrena, «Back in Town» izenburuarekin, joan den urtean grabatu zutena, hain zuzen ere. Laukote bizkaitarrak 1940ko eta 1950eko hamarkadetako bluesa jotzen du, baina Kaliforniako kostako bluesa, rockabillya eta swinga ere alboratu gabe.

Jaialdiaren harira egingo diren kontzertu guztiak Erromoko Santa Eugenia plazan izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo