GARA > Idatzia > Ikusmira

Txabi Etxebarrieta, bide berri baten iragarle

Txabi Etxebarrieta hil zutenetik 40 urte igarota, hura erreferentea da euskal abertzaletasunean. Gazterik hilda ere, denek aitortzen diote buruzagi-dohaina, are gaur egun haren pentsaera arbuiatzen dutenek ere. Etxebarrieta, halaber, euskal nazioaren askapenerako borroka berpiztu eta bide berri eta dramatikoa iragarri zuen garaiaren lekuko ez ezik, protagonista ere izan zen. Bilbotar militantearen heriotzaren 40. urteurren honetan, oraindik faxisten izenak kale askotan ikusgai daudenean, instituzioek erakunde faxistetako kideak omentzen dituztenean, Espainiar indar armatuek hildako euskal militanteen oroigarriak kentzen dituzte, Zizurkilen eta Hernanin esaterako, baina ez hango herritarren borondatez, herri borondatea ostu ondoren osatutako udal gehiengoen bidez edo epaile baten aginduz baizik, hartara herrikideen oroimenetik ezabatu ahalko balituzte bezala. Lakuako Gobernua eta EAJko lehendakaria, zentzu bakarreko arrazoibidean, bat etorri dira sinbolo ezabatze horrekin, «biktimentzat kaltegarriak» omen direlako. Legea betetzea euren lehen eginbeharra omen da, legea justiziaren kontrakoa, demokraziaren kontrakoa denean ere. Eta jarrera horrek, bestalde, agerian uzten du zer proiektu duen EAJk, hain zuzen euskal herritarren borondatea oinarri duen edozein proiektu galarazten duen legea betetzea ardura nagusi duela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo