GARA > Idatzia > Mundua

Konstituzionalaren erabakia AKP legez kanpo uzteko aurrekaria izan daiteke

2007ko uztailean bozen %47rekin boterea lortu zuenetik, Turkiako AKPk Auzitegi Konstituzionala aurrez aurre izan du. Zapia unibertsitatean baimentzeko Legebiltzarrak onartu zuen emendakina indargabetu berri du. AKP ilegalizatzeko epaiaren aurrekaria izan daiteke.

GARA |

AKP talde politikoak premiazko bilera egin zuen atzo, buruko zapia unibertsitatean erabiltzea baimentzen zuen legea Turkiako Auzitegi Konstituzionalak indargabetu ostean. AKPrentzat kolpe gogorra izan da erabakia, izan ere, alderdia legez kanpo uzteko prozesua abian ipini du Konstituzionalak laikotasuna urratzen duela argudiatuta.

Otsailean, Legebiltzarrak unibertsitatean zapia janzteko debekua bertan behera utzi zuen. Neurriak zalaparta handia sorrarazi zuen Turkian eta horrek balizko laikotasunaren aurka egiten zuela salatu zuen oposizioak. Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak argitu zuen, ordea, erabakiak erlijio eta sinesmen askatasunarekin zerikusia zuela. Zapiarekin joateko debekuagatik, neska askok unibertsitate ikasketak utzi behar izan zituztela gaitzetsi zuen.

AKPk aurkeztu zuen emendakin hori Legebiltzarrean onartu bazen ere, unibertsitate gehienek debekuari eutsi zioten.

Konstituzionalaren ebazpena jakin bezain laster, Erdoganek ezeztatu egin zituen Istanbulen eta Ankaran zituen bilkurak, alderdiko zuzendaritzak Anatolian egin zuen goi bileran esku hartzeko. Bertan behera utzi du, era berean, Suitzarako bidaia Turkiako futbol selekzioak Portugalekin Eurokopan gaur jokatuko duen partida ikusteko.

Horrek guztiak agerian utzi du AKPren larritasuna. Legebiltzarreko presidente ohi Bülent Arinç-ek adierazi zuen Auzitegiak dagozkion ardurak «gaizki kudeatu» dituela. «Erabaki larria eta okerra da», gaineratu zuen. Behatzaileen arabera, AKP legez kanpo uzteko epaiaren aurrekaria izan daiteke. Orain, indargabetu duten emendakina Auzitegiko fiskala AKPren kontra prestatzen ari den akusazio zerrenda luzean jasoko dute.

froga nagusia

AKP talde politikoak Legebiltzarrean gehiengoa du. Zapiaren erabilera baimentzeko saiakera alderdia legez kanpo uzteko froga nagusietariko bat da. Erdoganek erlijio eta hezkuntza askatasuna aldarrikatu zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo