GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Biarritzek finalerdietan izateko aukerei eutsi nahi die

Zuri-gorriek neurketa irabazi behar dute, eta Perpinyak galdu egin beharko luke

p045_f02.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Biarritzek garrantzi handiko neurketa jokatuko du gaur Parisen, 15.05ean hasita, eta Stade Françáisen aurka neurtuko ditu indarrak. Liga amaitzeko bi jardunaldi besterik ez dira falta, eta zuri-gorriek finalerdietako txartela lortzeko aukeretan azkenetakoa izango dute gaur.

Orain dela hilabete, aukerarik ez zutela izango zirudien, baina azkeneko partidetan lapurtarrek gorantz egin dute, eta itxura denez, denboraldiko unerik onena amaiera honetan heldu denez, azkenean, denboraldia motz egingo zaie.

Garrantzi handia dauka neurketa honek, batez ere euskaldunentzat, izan ere, frantziarrak finalerdietan baitaude jadanik. Hala ere, lapurtarren eta paristarren arteko dema handia da, partida askotan, eta garrantzitsuetan neurtu baitira gehienetan, beti zerbaiten bila.

Gaurkoan ere horrela izango da, baina garrantzia euskaldunentzat bakarrik izango du, izan ere, paristarrak jadanik finalerdietara begira ari dira, eta berentzat garrantzitsuena inork minik ez hartzea izango da.

Egoera dagoen bezala egonda, argi dago oso zaila dela Biarritzek finalerdietarako txartela lortzea. Horretarako falta diren bi partidak irabazi beharko lituzke. Irabazi, baina puntu gehigarririk lortuko ez balu, Perpinyak bi partidak galdu beharko lituzke. Bi partidetan, edo batean, Biarritzek garaipenaz gain, bi puntu gehigarri edo bat lortuko balitu, orduan Perpinyak gehienez puntu bat edo bi dauka lortzea, bestela Biarritzek jai izango luke. Beraz, horrela oso zaila izango da Biarritzek helburua lortzea, eta azken urte hauetako denboraldirik kaskarrena izango litzateke beraientzat. Heineken Kopatik kanpo geratu ziren oso azkar, eta gero, Ligan ere, finalerdietan ez sartzea, deskalabru handia litzateke, are handiagoa, bi lehiaketak irabazteko moduko taldea egin den garaian. Aurten, ordea, maila kaskarra eman dute, eta amaiera honetan izan duten susperraldiak ez die balio izango hasierako lauretan sartzeko.

Jokalariei dagokionez, Stadek aspaldian min hartuta izan dituen mordo bat berreskuratuko ditu, eta Biarritzen, berriz, Traille eta Thion itzuliko dira hamabostekora. Moala, August eta Brusque, berriz, min hartuta daude, eta beraiek amaitu dute denboraldia.

Mailako beste partidak ez dauka inongo garrantzirik. Bertan, 17.30ean hasita, Avironek, Clermont hartuko du Jean Dauguer zelaian. Lapurtarrek denboraldi biribila egin dute, eta jadanik matematikoki lortuta dute onenen artean jarraitzeko txartela. Beraz, zaleei esker ona eskaintzeko aukera izango dute zuri-urdinek.

Gaurkoan, Jean Dauguerren azkeneko aldiz jokatuko du Richard Dourthek, aurten utziko baitu errugbia, eta heldu den denboralditik aitzinera, taldeko zuzendari teknikoa izango da. Xavier Pemeja entrenatzaileak ere bere azkeneko partida izango du Jean Dauguerreko aulkian, taldea utziko baitu denboraldi amaieran.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo