GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko Lehiaketa

Floren Nazabal irabazteko faborito dela jokatuko dute gaur Azpeitiko final nagusia

J.L. | DONOSTIA

Urrezko Aizkorako finalak jokatuko dituzte gaur gauean, 22.30etik aitzinera Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Bertan, maila nagusiko finalaz, gain, 23 urtez azpikoena, eta 18 urtez azpikoenak ere jokatuko dira.

Maila nagusiko finalean, Donato Larretxea eta Floren Nazabal lehiatuko dira. Azken hau da egungo txapelduna, eta faborito aterako dena. Hala ere, kontuz ibili beharko du Donatorekin. Larretxea sasoi onean helduko baita azkeneko saio honetara, finalerdietan erakutsi zuen moduan, eta saiatuko da aurreikuspen guztiak iraultzen.

Aizkolariek lan ezberdinak egin beharko dituzte, eta horiek amaitzeko denborarik gutxien behar duenak irabaziko du. Adituen ustez zaila izango da azkeneko saiora arte ezer erabakita geratzea.

23 urtez azpikoetan, berriz, Mugertza II.a eta Rekondo lehiatuko dira. Hemen ere azken hau aterako da faborito, baina Mugertza aizkolari arriskutsua da. Lantegi hauek primeran ezagutzen ditu, eta Atutxa II.arekin egin zuen bezala, gaurkoan leitzarra menderatuko balu, ez litzateke horrenbesteko ezustea izango.

18 urtez azpikoetan, berriz, Ohian Larretxea, Donatoren semea, eta Ander Erasun lehiatuko dira. Hala, Erasun aterako da faborito, baina Larretxearekin kontuz ibili beharko du, eta Ohianek txapela lortuko balu, orduan ere ez litzake ustekabe handi horietakoa izango. Gaurko finaletan izango diren sei aizkolarietatik, bost nafarrak dira, eta hori ere oso deigarria da. Bestea gipuzkoarra da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo