GARA > Idatzia > Saskibaloia

NBA Finala

Boston Celticsek lehen puntua lortu du Garnett, Pierce eta Allen hirukoteari esker

p042_f02_097x096.jpg

A.S. | DONOSTIA

Big Three izenarekin ezagutzen den hirukoteak NBAko finaleko lehen puntua eman zion atzo Boston Celtics taldeari -lau garaipen behar dira eraztuna lortzeko-. Izan ere, Kevin Garnetek (24 puntu eta 13 errebote), Paul Piercek (22 puntu) eta Ray Allenek (19 puntu) sarraskia eragin zuten Los Angeles Lakers taldeko defentsan. Ondorioz, etxekoek 98-88 irabazi zuten, eta Kobe Bryant (22 puntu) eta Paul Gasolen (15 puntu eta 8 errebote) lana ezerezean utzi zuten.

Garnettek indartsu ekin zion partidari, lehen zatian 16 puntu eta sei erreboterekin amaitu baitzuen. Dena den, hasieran bere taldea aurretik egon bazen ere, kanpotarrek abantaila hartu zuten atsedenaldirako minutu baten faltan (44-49).

Hirugarren zatian Piercen erakustaldia iritsi zen, Boston Gardenen bildutakoen gozamenerako. 3+1 bikain baten ondoren, bere taldea aurretik jarri zuen Celticseko kapitainak (52-51).

Une horretatik aurrera, etxekoek hartu zuten lehiaren gidaritza. Hala ere, erreboteetan nagusi izan arren, Celticsen baloi galduek garaipena atzeratu zuten. 75-71 batetik 86-78 batetara igaro eta gero, lehen puntua eskuan zuten jada Bostongoek.

Piercen lesioa

Hala ere, albiste txarrak ere utzi zituen partidak garaileentzat: Piercek, hirugarren laurdeneko heroiak, min hartu zuen belaunean. Kantxara atera zen lesioa eta gero, baina bere parte-hartzea zalantzan dago hurrengo lehiarako. «Min dut eta nola erantzuten dudan ikusi beharko dugu», esan zuen Piercek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo