Buruz Buruko Txapelketa
Zilarrezko finala hemen da
Julen Retegi eta Iñaki Larralde nafarrek Bigarren Mailako txapela izango dute gaur jokoan Zornotzan
Aritz SORZABAL | DONOSTIA
Buruz Buruko Txapelketako final handiaren zain daude pilotazaleak, Abel Barriola eta Oinatz Bengoetxea leitzarren arteko derbia noiz iritsiko zain. Datorren asteburuan izango da hori, Donostiako Atano III.a frontoian. Lehenago, gaur konkretuki, Bigarren Mailako finalaren txanda izango da. Julen Retegi eta Iñaki Larralde pilotari nafarrek jokatuko dute, erbestean, Zornotzako pilotalekuan. Tele5 kateak 18.45etan eskainiko du finala. Dena den, jaialdia 16.45etan hasiko da.
Biak profesional mailan jantziko luketen buruz buruko lehen txapelaren bila kantxaratuko dira. Retegik esperientzia gehiago duenez, faboritotzat jotzen dute zenbaitek. Asegarceko aurrelariak, 2005. urteko Lau eta Erdiko finala jokatu zuen Iker Arretxeren aurka, 22-12 galdu bazuen ere. Martxoan, aldiz, aurtengo Bigarren Mailako Binakako txapelketa irabazi zuen Argote lagun zuela, finalean Arretxe II.a eta Eskudero jipoitu ostean (22-2). Binakakoan Larralderekin topatu zen, final-laurdenetan, eta hari eta Arrutiri 22-20 irabazi zieten Eratsungoak eta Argotek. Hain zuzen, partida hura gaurko finalistek elkarren aurka jokatu duten norgehiagoka bakarra izan zen.
Esperientzia handiagoa bai, baina Retegik presio gehiago ere badu. Julian Retegi handiaren semea izanda, beti gehiago eskatu izan zaio. «Nik nire zeregina bete behar dut, pilotan jokatzen dut eta ondo pasatzen saiatzen naiz», adierazi du finalaren bezperan.
Larralde lesakarra, ordea, ezustean iritsi da finalera, ia inork ez baitzuen bere izena aipatu txapelketa hasi aurreko kinieletan. «Ahalik eta lan onena egiten saiatuko naiz eta, ahal bada, irabazten. Lehenik lasai jokatzera irten behar dut eta gerokoak ikusteko daude. Botera jokatzera irtengo naiz, askotan berotu egiten bainaiz airez», esan zuen Aspekoak.
Batak zein besteak Punparen pilotak erabiliko dituzte. Mugitzeko zailagoak diren 104,6 eta 104,5 gramokoak Larraldek, eta biziagoak diren 105,4 eta 105,6ekoak Julen Retegik.
Gonzalez, bost asterako baja
Bestalde, froga medikoek baieztatu dutenez, Sebastien Gonzalezek haustura du berriz minduta zuen ezker bikian. Barriolaren aurka Irujoren kontra izandako haustura bera izan ostean, bost astez egongo da geldirik.
Zornotza (16.45)
Mendizabal-Apraiz / Galarza V-Urberuaga; Larralde ( Retegi Bi; Olaizola II-Zearra / Irujo-Pascual.
Logroño (12.00)
Bengoetxea VI-Larramendi / Urdaniz-Elola; Mikel / Antxia; Nagore / Aritz Lasa.
Usurbil (10.30)
Jubenilak: Madariaga anaiak / Apezetxea-Albizu; Intxausti-Aranburu / Otamendi-Murgiondo; Nagusiak: Onsalo-K. Galarraga / Etxebeste-A. Galarraga.
Urretxu (10.30)
Izurieta / Maiza; Jaunarena / Jauregi; Esnaola / Zubiri; Amantegi-Lopez / Arrastoa-Girones.
Galarreta (16.00)
Matxin IV-Martinez I / Etxeberria IV-Gaztelu; Ezkurra-Olazar / Altuna II-Lizaso; Altuna I-Aizpuru / Iñigo-Badiola; Agirresarobe-Aizpurua II / Bereziartua-Agirrezabala.
Euskal (16.30)
Juaristi-San Migel / Uterga-Etxeberria III.