Sakanako ezker abertzaleak bere kritika politikoa kriminalizatzea egotzi dio NaBai-ri
J. MITXELTORENA |
Joan den asteburuan Sakanan NaBai-k dituen alkate eta zinegotziek agerraldia egin zuten; bertan, ezker abertzalea burutzen ari den salaketa politikoa «erasotzat» jo zuten, euren ustez, «salto kualitatiboa» ematen baitu. Agerraldi horri erantzunez, atzo Etxarri Aranatzen bildu ziren ezker abertzaleko Sakanako alkate, zinegotzi eta hautetsiak beren jarduera «kritika politikoa» dela defendatuz eta lan hori kriminalizatzeko saiakera gogor gaitzetsiz. NaBai-k ezker abertzaleak salatuko hainbat kontu gezurtatu eta gero, luze eta zabal azaldu zituzten kontu horiek atzoko agerraldian.
NaBai-k bere karguen zilegitasuna defendatu ostean, ezker abertzaleak atzo hauteskundeetan Sakanako lehen indar politikoa izan zela gogoratu zuen, eta beraz, EAE-ANV kriminalizatzen saiatzea «milaka sakandarren ahotsa zentsuratzen saiatzea» dela salatu zuen. Bakaikun, Etxarrin eta Ziordian, EAE-ANVri alkatetza dagokion herrietan, ezker abertzaleko hautetsien parte-hartzea bermatzen dela esan zuen NaBai-k; aldiz, hori erabat ukatu zuen atzo ezker abertzaleak.
182.2 artikuluak ematen duen aukera gogoratu eta « Sakanan Alderdien Legearen adar exekutatzailea» NaBai dela ziurtatu zuen. «Osoko bilkurak hiru hilean be- hin egitea, informazioa ukatzea, EAE-ANVri legozkiokeen diru-laguntzekin geratzea eta udal-lokalak kendu eta ukatzea» aipatu zituzten jarritako traba gisa.
Horiek horrela, ezker abertzalearen ustez, «kritikaren funtsaren inguruko eztabaidan sartu nahi ez duelako eman du NaBai-k presioak salatzearen salto kualitatiboa». Horrekin batera, «ezker abertzalea kriminalizatzeko saiakera» ere ikusten dute dinamika horren atzean. Zentzu horretan, «PSOEk errepresioa justifikatzeko erabiltzen dituen argudio berak erabiltzea» gaitzetsi zuten, baita NaBai-k «ezker abertzalearen kontrako errepresio estrategiarekin kolaboratzeko inolako zalantzarik ez izatea» ere.
Manifestazioa bihar
Etxarri Aranatzeko agerraldian salatu zutenez, «ezker abertzalea da presionatua, jazarria eta erreprimitua dagoena, bere ideia eta proposamen politikoak azaltzeagatik ilegalizazioak, sumarioak, atxiloketak eta espetxea pairatzen dituena. Horren aurrean NaBai-k egin duen bakarra onartu eta hortaz apro- betxatzea izan da».
Sakanarako duten egitasmoa defendatzen segituko dutela esan eta gero, «herritarren hitza errespetatzeko» eskatuz bihar Etxarrin egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten.