GARA > Idatzia > Euskal Herria

EHEk salatu du EAEko hainbat herritan mediku erdaldunak arituko direla

Joan den maiatzaren bukaeran Osakidetzak egin zituen familia-medikuen oposizioen ostean, hogei mediku erdaldun hainbat herritako osasun zentroetan izango direla ohartarazi du EHE taldeak. Horrek herritarrei arreta euskaraz jasotzeko eskubidea ukatuko diela salatu du.

GARA |

Hurrengo asteetan EAEko hainbat herritako osasun etxeetara euskara ez dakiten 20 familia-mediku iritsiko direla salatu du EHE taldeak. Egoera hori maiatzaren amaieran Osakidetzak egin zituen oposizioen ondorioa dela zehaztu du, eta «Eusko Jaurlaritzak administrazio honetan egin duen tranpa agerian» geratu dela gaineratu.

Hala, Ermuako, Hondarribi-ko, Altzako, Soraluzeko, Elgoibarko, Hernaniko, Laudioko, Zornotzako, Sestaoko, Andoaingo, Beasaingo, Errenteriako, Durangoko, Arrasateko eta Galdakaoko bizilagunek ez dute osasun arreta euskaraz jasotzeko aukerarik izango.

«Hizkuntza eskakizuna betearaztearen exijentzian erakutsi duen neurri-ezaren aurrean euskararekiko eta euskaldunon hizkuntza eskubideekiko duen jarrera erakutsi du Osasun Administrazioak, hau da, hutsaren hurrengoa», adierazi du talde euskaltzaleak.

Mediku horiek zerbitzua euskaraz ez eskaintzea eta beraien pazienteak hizkuntza arrotzetan aritu behar izatea Lakuaren errua dela nabarmendu du. «Haien aurka bilakatu den neurria dugu hau, eta orain beren gain hartu beharko dute mediku horien euskalduntzea».

Era berean, egungo administrazioek euskararekiko duten jarrera «gaitzesgarria» salatu du erakunde euskaltzaleak. Haren ustez, gaur egungo hizkuntza politikak «antzuak dira normalizazio bidean, ez dira eraginkorrak», eta horregatik, orain, «gaia ausardiaz hartu, eta autodeterminazio linguistikoaren eskubidea eskuetan, gure hizkuntzak izan nahi duenaren inguruan hausnarketa egiteko eta erabakiak hartzeko garaia da».

«Horrek egingo du euskararen normalizazioa bide egokietatik joatea», adierazi du.

eskubideak

EHEk salatu du egoera horren ondorioz hainbat herritako bizilagunen hizkuntza eskubideak urratuko dituztela, eta Osasun Administrazioak euskaldunak «bigarren mailako herritarrak» bezala tratatzen dituela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo