GARA > Idatzia > Euskal Herria

Inoizko parte hartzerik handiena izan zuen Igorreko jaien hasierak

Atzo hasi ziren Igorreko jaiak, eta hurrengo zortzi egunetan Udalaren eta herritarren artean antolatutako ekitaldiekin festa nagusituko da Bizkaiko herri honetan. Olinpiadak, kontzertuak, mota guztietako kalejirak, txirrindu eta pilota lehiak eta beste asko ospatuko dira.

GARA |

Atzo arratsaldean txupinazoarekin hasi ziren Igorreko San Antonio jaiak. Aurretik egindako bazkarian 140 lagun bildu ziren; beraz, jaia lehentxeago hasi zen. Arratsaldean karro lasterketa egin zuten errepide nagusian, eta 19.00etan txosnagunean bildu ziren jaiei hasiera emateko.

Egoitz Jauregi artzain gazteak egin zuen pregoia. Hamazortzi urte ditu, eta 14 urterekin erosi zuen bere lehen artaldea; Gorbeako artzain gazteenetakoa da. Artzaintzaren gainean mintzatu zen, eta aspaldiko ohiturari jarraitzeko beharraz. Txupinazoan 500 bat lagun bildu ziren, herritarrak gehienak, eta bailarako lagunak. Jaien hasieran inoiz baino parte hartze handiagoa nabaritu zuten Igorre aldean.

Hurrengo egunetan ere izango da zer gozatu. Gaur goizean pilota jaialdia egitekotan dira, eta 12.00etan paella txapelketa hasiko da. Eguerdian herriko koadrilak erreken jaitsieran lehiatuko dira, mozorroturik. Arra- tsaldean berriz, «altxorraren bila» arituko dira, eta 19.00etan afrikarren erritmora kalejira egingo dute. Musika emanaldiak 22.00etan hasiko dira: Tabu eta Jabu kataluniarrek, Gose taldeak, eta J&K taldeak erromeria girotuko dute. Ordu txikietan, behin lotsak aldenduta, «galtzontzilo eta kulero lasterketa» egingo dute igorrearrek.

Biharko, artzain txakurren erakustaldia, kalejira zanpantzarrekin eta film laburren emanaldia antolatu dituzte. Hurrengo igandera arte izango dira jaiak. Umeentzako puzgarriak, tailerrak eta jokoak egongo dira; tortilla eta bakailao txapelketa, pilota partidak, erretiratuen bazkaria, gazteen olinpiadak eta beste ekintza asko iragarri dituzte egitaraua betetzeko.

Barikuan Disasters, Jaik eta MG eta Etsaiak taldeek joko dute, eta zapatuan Anje Duhaldek kontzertua emango du.

Autobusak eta «testing-a»

Gaur eta datorren barikuan gaueko autobus zerbitzua jarriko du Gazte Informazio Bulegoak. Geltokitik 4.30ean irten, eta Arratia bailarako herri guztietara helduko da.

Bestetik, gaur gauean testing zerbitzua emango dute Elexalde kalean; hau da, drogei buruz informatzeko eta sustantzien azterketak egiteko aukera.

lehiaketak

Bederatzi eguneko jai hauetan denetarik izango da, eta lehiaketa andana: erreken jaitsiera, galtzontzilo eta kulero lasterketa, altxorraren bila, paella eta bakailao tortilla txapelketak, koadrilen arteko olinpiadak...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo