GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gonzalez eta Subijana preso politikoek 19 egun bete dituzte gose greban Muret Seysses espetxean

GARA |

Hemeretzi egun daramatzate Oier Gonzalez eta Juan Carlos Subijanak gose greban Muret Seysses espetxean. Hamarna kilo argaldu dituzte joan den maiatzaren 19tik hona, Askatasunaren esanetan, eta bien osasun egoera egunetik egunera kezkagarriagoa dela nabarmendu du.

Bi presoei elkartasuna helarazteko helburuz, autobus bat abiatu zen hara bart gauean Gasteiz eta Durangotik, euren jaioterrietatik. Atzo ere «Euskal Herriak askatasuna behar du» lelopean, txirrindu martxa abiatu zuten Durangaldean, 200 lagunen parte hartzearekin. Bihar arte iraungo du ekimenak.

Bestetik, minbizi larria duen Mikel Ibañez euskal preso politikoak, maiatzaren 27a ezkero Gregorio Marañón erietxean dago, kimioterapia tratamenduan. Askatasunak ohartarazi duenez haren egoera «oso larria» da eta datozen egunak «hil ala bizikoak» izango dira harentzat, gaineratu dutenez.

Ibañezen askatasuna galdegiteko atzo 70 lagunek gizakatea egin zuten eta gaur 19.30ean manifestazioa egingo dute beraren herrian, Elgoibarren. Atzo ere hainbat herritan manifestazioak egin zituzten presoek bizi duten egoera salatzeko: Gasteizen (396), Iruñean (285), Ordizian (25), Legorretan (18), Agurainen (22), Antzuolan (25), Tafallan (46), Mundakan (23), Ugaon (23), Lizarran (41), Eibarren (88), Deban (40), Zarautzen (125), Bilbon (105), Errenterian (190), Arbizun (50), Etxarri-Aranatzen (70), Andoainen (50), Lezon (56), Barañainen (34), Bergaran (68), Beran (15), Hernanin (225), Durangon (240), Zornotzan (90), Ondarroan (125), Soraluzen (60), Lazkaon (76) edota Elizondon (25).

Elizondon gaur ere hitzordua dute: Elkartasun Eguna. Iruñean, bestetik, manifestazioa egingo dute Ibañezen egoera eta Hodei Ijurkok jasotako jipoia salatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo