GARA > Idatzia > Txirrindularitza

EUSKAL BIZIKLETA Lehen etapa

Irabazi arren, Moreno ezin izango da urdinez jantzi

Epaimahaiak 10 segundotako zigorra jarri zion Caisseko txirrindulariari ibilgailu bati heltzeagatik

p043_f02_111x111.jpg

Amaia U. LASAGABASTER | BAKIO

Aurreikusitako gidoiari jarraitu zion Euskal Bizikletaren lehen etapak. Errepidean, Bakion izandako emaitza bulegoetan aldatu zen Epaimahai Teknikoaren eskutik. Dani Morenok irabazi eta maillot urdina jantzi zuen, baina Sollubeko igoeran palanka egin zuela ikusi eta gero, Epaimahaiak hamar segundotako zigorra jarri zionez, lasterketaren garaipena Julian Sánchez Pimientak eskuratu zuen.

Denetatik eskaini zuen, horrenbestez, lehen etapak. Polemika azken unean, baina lehiakortasuna, ikuskizuna... ere bai. Eta selekzio garbia, hamaika gizon heldu baitziren Bakioko helmugara minutu luze bateko abantailarekin eta, ustekaberik ezean, horien arteko hirurek beteko dute biharko podiuma.

Txirrindulari horiek atzo egindako esprintean, Dani Moreno izan zen azkarrena. Eta arratsaldean maillot urdina galdu arren, apustuetan indarra hartu du haren izenak, hemengo mendateetara ondo moldatzen baita, eta martxoan Caisse d'Epargneren eskutik pelotoira itzuli ostean, asteotako lasterketetan gero eta hobeto ibili baita. Apustu horietan hasieratik agertzen zen beste gizon bat ere hortxe da, Igor Anton, aurreneko taldean helmugaratu baitzen, Euskaltelek ihesaldiak bertan behera botatzeko egindako ahaleginak sarituz. Ez da Stefano Garzelliren kasua; italiarrak faborito nagusia ematen zuen baina Bakion ia bederatzi minutu galdu ondoren, Arrateko etapan protagonista izatearekin konformatu beharko du.

Acqua&Saponeko liderra ez zen izan ibilbidearen gogortasuna sufritu zuen bakarra. Lasterketaren garailea erabakitzeko kilometro eta egun gutxi geratzen dela jakinda, txirrindulariek borrokari ekin zioten hasiera-hasieratik, ihesaldi indartsua sortuz eta etaparen abiadura zoramenera arte handituz.

Hala ere, mugimendu erabakigarriak azken kilometroetan gauzatu ziren, Sollubeko igoerarekin batera. Eros Capecchi, aurretik jarraitzen zuen ihes egindako bakarra, harrapatzeko egindako ahaleginek, eta batez ere Antonek azken aldapetan jarritako erritmoak, pelotoia hamaika puskatan zatitu zuten gizon indartsuen selekzioa eginez -gero ikusi zenez, Morenok berak ibilgailu bati heldu behar izan zion atzean ez geratzeko-. Taldetxoak italiarra jaitsieran harrapatu zuen, etaparen erabakia esprintaren -eta, azken batean, epaimahaiaren- eskuetan utziz. Sailkapen orokorrean biharko mendateek eragingo dute, gaurko ibilaldia esprinterrek edota ausartenek aprobetxatuko baitute.

Baikortasuna

Hala izatea espero du Dani Morenok ere, «Opakua igo behar dugun arren. Baina egun lasaiagoa izatea espero dut». Orain hamar segundotako aldeari heldu behar dion arren, Caisse d'Epargnekoa baikor agertu zen, «oraindik neure sasoirik onenean ez egon arren». «Baina hemengo errepideetara ondo moldatzen naiz, azken asteotan gero eta gusturago sentitzen ari naiz eta, behintzat, saiatuko naiz».

Antzeko sentsazioekin amaitu zuen Igor Antonek. «Orain dela hamar egun, Katalunian, asko sufritu nuen -azaldu zuen bizkaitarrak- eta ondoren ere, ezin izan ditut oso entrenamendu onak egin. Baina gaur sasoiko ikusi dut neure burua, aurrean sartu naiz eta oso pozik nago». Baikortasunez begiratzen die Euskaltel-Euskadikoak, ondorioz, hurrengo jardunaldiei. «Ea zortea eta indarrak dauzkadan. Igandean gogotsu irtengo naiz», iragarri zuen Antonek. Gaurkoan, berriz, Koldo Fernandez de Larrea laguntzea espero du. «Animatuta, indartsu eta, aurten bi garaipen lortu ondoren, moralki oso ondo» ikusten du esprinterra bere taldekideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo