GARA > Idatzia > Gutunak

Juan Luis Mugertza Berango

Isildutakoen bidaia

Nire hitzei aterpe emango dien pantailaren aurrean nago, baina pantailakoak ez. Demokraziaren mendi gainak zuritutako isiltasunak eraginda ezkutatu egin dira, ezkutatu egin dituzte, antza. Baina nik beharra dut isildutako bidaideekin bidaiatzeko, idaztea askotan bidaia bat bezalakoa baita, badakizu non hasiko zaren, baina ez non amaituko. Burmuina nire aurka ari da jokatzen: «Ezetz, beste hamar lerro!». Ez dakit, bada! Ez dut bat ere garbi ikusten. Abiadura handiz emandako lehenengo pausoek okerreko bidetik eraman nahi naute eta hasierako asmoa zurbiltzen hasi da, baina nik aurrera jarraitu nahi dut, kosta ahala kosta, isildutako bidaideek merezi baitute.

Aulkia orain arte txintxo egon bada ere, gehiegizko astunak eraginda edo, kirrinka ari da, garrasika. Eta zakarrontzia (lotsagabe halakoa!), niri adarra jotzen balego bezala, gero eta hurbilago daukat. Hatz-mamiek beste tinta eman dute eta nik egin beharreko bidaia amaitutzat emango dut, izan ere, oso atsegina izan baita herri honek behar duen pausoan, abiadura handirik gabe, inposiziorik gabe, gozo-gozo, ametsak lagun, AHT Gelditu Elkarlana izenekoekin komunikabide askok «isildutakoen bidaia» egitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo