GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Eneko Dorronsoro Aierbe Igeldoko baserritarra

Baserria, borrokatu ala desagertu

Zeure esku dago, egunero behar dituzun elikagaiak erostean, egindako lana eskertzea dagokiona ordainduz. Hori baita osasuntsu eta zentzuz elikatzeko bide bakarra

Baserritarron egoera larria da, jasangaitza. Gogorra egunerokotasunean eta beltza etorkizunean. Azken SOS deiadarrak jaurtitzen gabiltza. Sektorea zulo beltzetik irtengo dela sinesten dugunok gutxi gara, baina sineste hutsetik hasiko gara zulo beltzetik irteten.Gure eskuetan dagoen guztia eginez bilatuko dugu irtenbidea, baina nora eza utzi eta ematen dugun pauso txiki bakoitza norabide zuzenean ematea nahitaezkoa da.

Eskolan irakatsi zidaten sortze kostuen azpitik saltzea ez zela bidezkoa. Baina handik irten eta ikasitako ogibideari heldu nionean, hori horrela ez dela sarriegi ikusi dut. Gure ogibidean egunero eman behar da apur bat bukaeran saria jasotzeko. Baina ekoizpen kostuak igo eta igo ari zaizkigu eta ezin diegu gure salmenta prezioei erantsi. Eta edonork esan dezake, orduan nola lor dezake sektoreak bizitzea? Agian eguzkiz eguzki lan eginez? Bai, baina horrek ere jadanik ez du balio.

Administrazioak bultzatu duen nekazaritza politika horrek sektorea lepotik soka batez lotzen duela sarri esan dugu. Eta horren adibide bizi dugun egoera da. Bultzatu duten nekazaritza politikak dirulaguntzak izan ditu oinarri, sektoreari lepoko soka laxatzeko, baina laguntza horiek gure menpekotasuna areagotu dute. Eta soka gero eta estuago dago. Bide horretatik sektorea itotzetik salbu egotea lortu daitekeenik ez du inork ere sinesten. Ezta politika hau bultzatzen dutenek ere (ahopean onartuko badute ere). Hala ere, zuen irtenbideen zain alfer-alferrik gaude.

Etorkizuna geure esku dago. Esaldi labur baina zabala. Lepotik soka kentzeko, «geure» hitzaren zabaltasunean dago gakoa. Guk, baserritarrok, elikagai osasuntsuak, ekoizte sistema egokiak erabiliz, zuen esku jarri ditzakegu, baina zu zeu, egunero elikatzen zarenean, «geure» hitzaren partaide izatea ezinbesteko da. Gertutasun horrek emango digu soka eteteko indarra. Administrazioak «geure» izateari aspaldi utzi zion eta ez dugu beste laguntza biderik.

Lurra oinarri hartuta, inurriek ohi duten moduan egin behar dugu lana. Naturaren baliabideak zentzuz erabiliz, horrela soilik lor baitaiteke menpekotasunik eza. Elikagaiak sortzea da eginkizuna, eta ekoizpena zentzuduna izatea ezinbestekoa da. Ezin dugu guk geuk soka gehiago tenkatu. Elikagai hauek, behar dituenaren eskuetan jarri behar ditugu, ekoizpen kostuak gardentasunez azalduz. Baserrien iraupena bermatuko duen nekazaritza egitean datza geure buruaren jabe bihurtzeko bidea. Horrela kenduko dugu lepoko soka. Zeure esku dago, egunero behar dituzun elikagaiak erostean, egindako lana eskertzea dagokiona ordainduz. Hori baita osasuntsu eta zentzuz elikatzeko bide bakarra.

Gaur, ekainak 8, kalea hartuko dugu, gizarteari hau eta gehiago azaltzeko. Baserria, herriaren nortasuna eta guztion osasuna. Borrokatu ala desagertu. Gipuzkoako EHNE sindikatuak egin duen deiarekin bat egin behar dugu guztiok. Neuk eta zeuk, guztiok. Geure esku dago.

Ausardia behar dugu egoerari buelta emateko. Sindikatuak argi duela azaldu du. Iragan ilunetik irteteko lehen pausoa eman dezagun. Euskal herrian baserriak etorkizuna duelako uste osoa dugu-eta. Elikagaien subiranotasuna herri guztien eskubidea delako.

Gaur denok Donostiara!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo