GARA > Idatzia > Hemeroteka

DEIA | Rikardo Arregi 2008/6/6

Obskurantismoa

Esan ohi da euskal eliza katoliko erromakoa irekiagoa dela (zein baino irekiagoa?) baina dituen abantailak arriskuan ikusten dituenean lasterka abiatzen da behar den tokira bere egoera sutsu defendatzera. Uriarte apezpikua Campos Hezkuntza Sailburua ikustera joan da Batxilergoa arautuko duen dekretu berriaz eztabaidatzeko. Dekretu berrian erlijioa eskola-orduetatik kanpo geratuko denez aztoraturik dabiltza katoliko erromakoak. Erakunde publikoak doktrinatze lanetarako erabiltzeak ez die, antza, kontzientzia arazo handirik sortzen. San Ibarretxek bitartekari lanak egin omen ditu apezpikuaren eta sailburuaren artean.

Batxilergoa ez da derrigorrezko hezkuntza eta neska-mutilek hamasei urte dute gutxienez baina eliza katoliko erromakoak azken unea ere bereganatu nahi du dotrina zabaltzeko. Ez zaio ongi iruditzen batzuk eskolan dauden bitartean (erlijioa ikasten), besteak lasai asko ibiltzea hortik ezer egin gabe. Bezeroak galduko lituzke ziur aski.

Campos jaunak kasurik egingo al dio apezpikuari? Ez naiz fio. (...)

Astearte gauean izan nuen gai hau buruan bueltaka eta bat-batean ETB1en erlijioei buruzko programa batekin topo egin nuen. Bertan budista euskaldunak eta musulman euskaldunak eta nik zer dakit agertu ziren. Off-eko ahotsak, gainera, esaten zuen, jendeak sinesteko beharra duela. Ez dut nik hori ukatuko, baina seguru nago esparru publikoan laikotasun gehiago behar dugula, premiazkoa dugula. Atera ezazue erlijioa eskola publikoetatik, mesedez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo