Asteburu arrakastatsuaren ostean, ekimenez beteriko astea dute aurrean Igorren
Eguraldia ez da aitzakia izan, eta guardia zibilek eta poliziek oztopoak jarri nahi izan dituzten arren, Igorren gogo biziz ari dira sanantonio jaiak ospatzen. Oraindik aukera asko dago bertan ederto pasatzeko.
Iker BIZKARGUENAGA |
Hodei beltzez estalia itzarri zen Igorre zapatuan, aurreko hilabeteetan bazter guztiak busti dituen euriak sanantonio jaietan ere lekua hartu nahiko balu bezala. Baina zeruak zekarren euri mehatxuak ez du lortu barikuan bizitako lehen jai egunaren arrakasta ostentzea. Izan ere, jai hasiera parte-hartzaileena izan da aurtengoa Arratiako txoko honetan.
Eguraldia, beraz, ez da oztopo izan. Herrira heldutako jende arrotz armatuak, ordea, bai asaldatu zuela igorreztar bat baino gehiago. Izan ere, Guardia Zibilak kontrola jarri zuen herrian bertan, bariku iluntzean, eta Polizia espainolak Lemoarako bidea hartu zuen geroago. Jaietarako gogo gutxi hauek.
Edonola ere, polizia indar espainolen bisitaren gainetik, herriko jaiak gogoz hartu dituzte Igorren, eta egitarauan agertzen diren ekimenetan parte hartzea txalotzekoa ari da izaten.
Panelak egitarauarekin
Parte hartze handia jai hasieran eta giro aparta gaualdean, Agirre Lehendakariaren etorbidearen inguruan oraindik etxera itzuli barik zeuden gazteen aurpegiek erakusten zuten legez. Eguerdirako gutxi falta zen eta, antza, zer egin ez zekitela zeuden mutil talde bateko kideak: etxera indarrak hartzera joan, ala tabernaren batean pintxo bana jan eta txistularien atzetik kalejiran abiatu. Azkenean, elkarri agur esan, betaurreko beltzak eskegi, eta oherako bidea hartu zuten, ordu batzuk geroago leku berean elkar topatuko zutela hitzemanda.
Ordu horretan, Lasarte parketik abiatzear zen txistulariek gidatutako kalejira, eta Olabarriko zirkuituan paella txapelketarako hitzordua zuten sukaldean trebeak direnek.
Apur bat geroago koadrilen arteko olinpiada iragarrita zegoen, eta besteak beste, erreka jaitsiera egin zuten, munduko kultura edo herri desberdinetako ezaugarriekin mozorrotuta. Urik ez zen falta izan, Igorren habia egin duen ubarroiak ondo dakien moduan.
Agirre Lehendakariaren etorbidean jarraituz, panel elektriko batek jaietako egitaraua azalduko dio herriko jendeari eta kanpotik heldutakoari. Metro gutxi atzerago dagoen semaforoan geldirik, kotxe gidari batek irribarre egin zuen goizaldean galtzontzilo eta kulero lasterketa egin behar zutela ikusita.
Aramotz kalean gora, berriz, zazpi txosna ageri dira. Goizean itxita zeuden, baina barruan jendea zegoen jada lanean, iluntzerako dena prest izateko. Txosnen aurrean, antzezlekuan eskegita, pankarta bat, eta bertan idatzita: «Igorren euskerea zuztarretik». Herriko hizkuntzaren alde udalak eta herritarrek egindako lanaren adierazle.
Falta direnak gogoan
Herriko beste puntan, Arratiko zekorrek jokatzen duten zelaitik gertu, barrakak zabalik daude, goizean goizetik eta gauera arte. Umeek primeran pasatzen dute gurasoen aldamenean -edo gurasoak ahaztuta batzuetan-, eta Ken Zazpiren musika zabaltzen da bozgorailuetatik.
Jai giroa da Igorren, eta hala izango da datorren domekara arte. Denek ezin dute, ordea, jaietan parte hartu. Herri osoan zehar, ehunka kartelek errepresaliatuak gogora ekarriko dituzte, argi utziz maite dituztenen nahia: «Jaietan gura doguz!».
Lehenengo bi egunak ederto gozatu ostean, litekeena da baten bat nekatuta egotea. Horiei esan behar zaie lasai hartzeko, festa egun asko falta dela oraindik sanantonioek agur esateko. Gaur, adibidez, 10.00etan Bizkaiko eskolarteko txirrindulari txapelketa izango da, eta 12.3oean, Sorginen kalejirarekin ederto pasatuko dute gaztetxoek. Bazkalostean, 17.00etan, erretiratuen etxe osteko landan artzain txakurren erakustaldia izango da, eta geroxeago, 18.30ean, txosnagunetik zanpantzarren kalejira abiatuko da. Iluntzean, kultur etxean, film laburren emanaldia eta sari banaketa egingo dira.
Lasai hasiko da astea, baina bihar ere ez da ekimenik faltako, eta 19.00etan, kultur etxean, musika eskolako gazteen emanaldia izango da ikusgai. Martitzenean ordean, Patxin eta Potxin pailazoek eskainiko dute beren ikuskizuna, horiek ere kultur etxean.
Eguaztenean, 21.00 aldera, Ander Lipus eta Maite Agirrek «Putzuak Lehortzen» antzezlana eskainiko dute, eta hurrengo egunean, txosnetatik hasita, triki-bertso poteoak astebururako bidean jarriko ditu igorreztarrak. Herri afaria, erromeria eta play-back txapelketa egingo dira eguenean ere. Datorren barikua ekimenez beteta helduko zaigu, eta gauean Etsaiak taldeak kontzertua emango du, gero Luhartzen erromeriari lekukoa emateko. Zapatuan, besteak beste, Anje Duhalde eta Trikizio izango dira Igorren, eta domekan txokolate janak emango die bukaera jaiei.
Jai aste luzea, beraz, aurrean dena. Baten bat Antonio santuen ermitara joango da indarrak emateko eskatzera, baina gehienek txosnetan eta tabernetan egingo dute miraria.
I.B.