GARA > Idatzia > Tau

Neven Spahijaren azken prentsaurrekoa

«Beste bat arte» izan nahi lukeen «agur» penatua

«Triste» baina «itzultzeko atea zabalik», agur esan zion atzo Spahijak Tau Baskoniako entrenatzaile karguari, «lanerako ikuspuntuan» Kerejetarekiko aldeak bultzatuta. Antza, Ivanovic Gasteizera itzuliko da.

p041_f02_097x092.jpg

Arnaitz GORRITI | BILBO

Triste eta esker oneko hitzez amaitu zuen atzo Neven Spahijak Tau Baskonian egin duen ibilbidea. ACB Liga eskuan, zaleen begirunea patrikan, baina Josean Kerejetaren lanerako ikuspuntutik urruti, Sibenik-eko teknikariak «Gasteizera itzultzeko ateak zabalik» uzten dituela esan zuen bere azken prentsaurrekoan. Hala ere, «beste bat arte» izan nahi lukeenak, «agur» itxura handiegia izan zuen.

«Lana eta bizitza bereizi behar dira. Josean Kerejetak eta biok adiskide izaten jarraitzen dugu, baina klubaren erabakia nik ez jarraitzearen aldekoa izan da. Dena den, itzultzeko ateak zabalik daude», esan zuen Spahijak.

Gasteizen beste urtebete emateko aukera zuen Spahijaren kontratuak, baina Saski Baskoniak aukera horri uko egitea erabaki zuen. Ondorioz, klubaren kalte-ordaina jasoko du kroaziarrak eta datorren denboraldirako beste entrenatzaile bat bilatuko du talde arabarrak.

«Triste nago. Ez dut uste bidezkoa denik erabakia, baina entrenatzailearen bizimodua halakoa da. Denboraldi bikaina egin, eta liga irabazi dugu, baina taldeak ni gabe jarraitzea nahiago duela esan dit. Bakoitzak bere bidea egin beharko du. Baina eskerrak ematea baino ez zait geratzen: taldeari, Kerejetari, kazetariei, zaleei eta jokalariei. Gogorra da hala amaitzea, baina ez dago besterik», esan zuen.

Aurrerantzean zer egingo duen galdetu, eta «ACB Ligan jarraitzea» gustatuko litzaiokeela aitortu zuen Spahijak. Unicajak ez du entrenatzailerik eta zurrumurruen arabera Sibenikeko teknikaria Malagara joango da.

Ivanovicen itzala

Liga irabazi arren, «argi» zegoen Spahijak ez zuela Gasteizen jarraituko. Jokoan izandako gorabeherek -Leónen aurkako porrotagatik ia bota zuten kalera kroaziarra- eta jokalariekin izandako arazoek -jendaurreko adierazpenak, profesionaltasunik eza...- Spahijari «bigun» itxura eman diote.

Dena den, «lan molde ezberdinak», besterik ez zuen aipatu kroaziarrak. «Nik modu batera lan egiten dut, eta ezin dut aldatu. Uste al du inork Superkopa eta ACB Liga irabaz daitezkeela, non eta egiaz taldea `zirku' baten modukoa bada?»

Dusko Ivanovicen itzala oso luzea da, Josean Kerejetarentzat batik bat. Hala, Montenegroko entrenatzailea Tau Baskoniara itzuliko dela dirudi. Hedabide batzuetan erabakia adostutzat jo dute; hiru urterako sinatuko duela ere aipatu izan dute, baina klubak ez du deus baieztatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo