GARA > Idatzia > Kultura

Lertxundik euskaltasunaren alde eginikoak saritu ditu Irujo Etxeak

VIII. Manuel Irujo saria jaso zuen atzo Benito Lertxundik Lizarran. Saria eman duen Irujo Etxeko epaimahaiak bereziki nabarmendu nahi izan du kantari oriotarrak berrogei urtez euskal kontzientzia esnatzen eta suspertzen laguntzeko egin duen lana.

p049_f01_148x088.jpg

GARA | LIZARRA

Kultura eta politika arloko pertsona ezagun asko bildu ziren atzo eguerdian Lizarrako Julian Romano Musika Eskolako areto nagusian. Hor ziren, Irujo sendiaren ordezkariak ez ezik, Pablo Antoñana, Joan Maria Atutxa, Pako Aristi edota Iñaki Anasagasti ere. Eta Benito Lertxundi bera, jakina, Olatz Zugasti lagun zuela.

Irujo Etxea elkarteko lehendakari Koldo Viñualesek epaimahaikoen arrazoiak laburbildu zituen: «42 urteotan zuk egindako lan bikaina saritu nahi dugu. Zure ahotsari esker, jende askok frankismo garaian euskal kontzientzia berreskuratu zuelako, eta azken hamarkadetan, berriz, Euskal Herriaz goza dezagun, Euskal Herriarekin amets egin dezagun, gure barnean ilusioa, baikortasuna eta itxaropena ereiten jakin duzulako. Zalantzarik gabe, Benito, herri honen maisu handia izan zara eta milaka ikasle hezi dituzu».

Lertxundiren ibilbide luzea gogorazi zuen Viñualesek, irraitian kantari gazteentzako lehiaketa hartan parte hartu zuenetik gaur arte. «Urte hauetan guztietan -esan zuen, oriotarrari berari begira- zure abestien bidez Zuberoaren lilura sentitu dugu, Behe Nafarroako istorioak ezagutu, Bizkaia benetan maite izan dugu, Orioko arrantzaleekin baleak harrapatu ditugu, Oriko xoriarekin esnatu gara, Orbaizetako uretan bainatu gara... eta zer esanik ez, `Baldorba' edota `Nafarroa' abestiekin sentipen sakonak izan ditugu»

Ekitaldian, Ereintza abesbatzak parte hartu zuen, «Agur zaharra», «Txoria txori», «Herribera» edota «Xalbadorren herio- tza» abestuz.

Musika eskolakoak bukatuta, parte hartzaileak kalejiran joan ziren Irujo Etxea elkartearen egoitzaraino, Santiago Plazaraino, eta bertan txistorra jana izan zuten. Gure Geroa elkartean bazkalduz, amaiera eman zioten ospakizunari.

SARIDUNAK

Jose Maria Jimeno Jurio, Jose Maria Satrustegi, Pedro Miguel Etxenike, Gregorio Monreal, Jean Harischelhar, Idoia Estornes, Pablo Antoñana eta Benito Lertxundi dira orain arte Manuel Irujo saria eskuratu dutenak.

HERRIA AMESTEN

«Gutako askok -esan zuen Viñualesek- euskara ez genekien, baina musikaren poderioz euskal kulturara hurbiltzen hasi ginen, kantuen artean aurkitu baikenuen amesten genuen Euskal Herria».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo