Mikel Aramendi Kazetaria
Mamua buru gainean dugula
Robert F. Kennedyren mamua buru gainean dutela amaitu dute Estatu Batuetako demokratek hauteskunde urte honetako primarioen lehia nekagarria. Egutegiaren halabeharra (1968ko ekainaren 5a zen Los Angelesko Ambassador hotelean senatari eta lehendakaritzarako lehiakide demokrata tiroz hil zutenean) aprobetxatuz (?), Hillary Clintonek ozenki aipatu zuen tabua duela bi aste Hego Dakotan («denok dugu gogoan nola hil zuten Bobby Kennedy Kalifornian ekainean»), hautagai izateko lehian zergatik jarraitzen zuen arrazoitu nahian ari zenean.
Denek, eta bereziki Obamaren aldekoek, gogor arbuiatu dizkiote adierazpenak, duela 40 urteko hura errepika dadin deseatzen ariko litzatekeelakoan... baina, aldi berean, denak jabetzen dira denen buruan dabilen hori ahoskatzea besterik ez duela egin. Hauteskunde kanpaina modu ezohiko eta traumatikoan erabaki daitekeela, alegia, hautestontziekin zerikusirik ez duten «baliabideak» medio. Eta azaroan Obamak irabaz dezaneko posibilitatea zertu ahala (6-8 punturen aldea aitortzen diote inkestek McCainekiko lehiaketan), arrisku hori harik eta handiagoa dela.
Bere azken ekitaldietan senatari beltzaren ia gainean, zentimetrotara, hari josita bezala agertzen diren robot itxurako gorila ikusgarri horiek (eta ikusten ez direnak) dira mamuaren egiatasunaren aztarnarik nabariena. Bobby Kennedyren hilketaren ondorioetako bat izan zen, hain zuzen, lehendakariaren segurtasunaz arduratzen den Secret Service-ak izangaien biziaz ere arduratu beharko zuela, ofizialki lehendakarigai bihurtzen zirenetik behintzat; Obamaren kasuan ez diote ofizialtasun horri itxaron nahi izan agi denez, eta maiatzaz geroztik SS-aren zaintzapean dago hautagai demokrata.
Estatubatuarrek «okerreko» aukera egin dezateneko «arriskua» hurbiltzen ikusteak hainbatengan sortzen duen ezinegon are arriskutsuagoaren mamua hango demokraten buru gainean legokeela soilik uste izatea inozokeria da, ordea. Ekialde Ertaineko herrialdeak aiene batean daude, gerta daitekeenaren igurika. Obama Etxe Zurira hel ez dadin, edota heltzen bada egintza kontsumatuen aurrean aurki dadin, «indarrezko aukerak» erabiltzeko unea dela gero eta argiago entzuten da Israelen. Eta horren ondorioak eskualde hartan zein izan daitezkeen igartzea zaila bada, nahiko erraza da gure bizimoduan izan dezakeen eragina aurreikustea.