Iñaki Barcena Ekologistak Martxan-eko kidea
Hazkundea ala iraunkortasuna?
Ekonomia eta ekologia sinonimoak dira -«oikos» edo Amalurra-, guztion etxearen zaintzaz ari dira. Nire ustez, ez dago soluziobide ekologiko posiblerik, gure ingurumen agintariek eta horiek baino askoz gehiago agintzen duten beste horiek, jendarte baten bizitzaren ezaugarri nagusia hazkunde ekonomikoa dela pentsatzen jarraitzen baldin badute
Iragan legealdian Euskal Autonomia Erkidegoa ingurumen politiketan aitzindari izaten saiatu zen eta horretarako Garapen Iraunkorraren Estrategia (2002-2020) diseinatu zuen. Urtero 22 ingurumen adierazle argitaratzeko konpromisoa ere hartu zuen, Espainiako gainerako autonomia erkidegoen errealitateekin alderatuz, nahikoa. Gasteizko gobernuak joan den hamarkada amaieran Europar Batasunak markatutako bidea jarraitzea erabaki zuen, iraunkortasunarekiko konpromiso bat hartuz; konpromiso horretan zehaztu eta neurtutako helburu batzuk agertzen dira, beste batzuk, aldiz, ez. Are gehiago, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak sinatutako dokumentu interesgarri bat ere badago (2001eko urtarrilekoa), non bestelako garapen eredu baten aldeko apustua egiten den ingurumen aldaketa globalari eusteko.
Jakin badakigu ingurumenaren iraunkortasuna ezin dela industria-politikatik edo merkataritzatik, kontsumo jardueratik edo mugikortasunetik bereiztu. Aspaldidanik esaten da ingurumen auziak, zeharkako ikuspuntu batetik, gobernu politika guztietan txertatu behar direla. Agian horregatik, Eusko Jaurlaritzaren garraio, energia edota kontsumo planek «iraunkor» hitza aipatzen dute. Baina idatzitakotik errealitate gordinera jauzi handia dago. Klima aldaketarako prestatzea eta izan daitezkeen kalteak aurreikustea jarrera egokiak dira oso, baina lehenik eta behin berotegi efektuko gas gutxiago isurtzetik abiatu beharko ginateke, eta hori ez da gertatzen ari.
Hor daude datuak eta itxura aldatzeak edo ezkutatzeak ez du ezertarako balio, urtez urte CO2 tona gehiago isurtzen baitugu eta norabide horretan Kyotoko Hitzarmenetik urruntzen baikara. Eta horrek zerikusi zuzena du gure energia eta garraio politikekin. Energia berriztagarriekiko konpromisoak ez dira betetzen, ez Europan, ez eta hemen ere, eta zoritxarrez ez dira beteko (energiaren %12 2010 urterako). Hori bai, gure energia kontsumoa gora doa. Eta berdin gure erkidegoko trafiko motorduna, industriarekin batera CO2 isurien eragile nagusia dena. Gure buruari mugak non dauden galdetu behar diogu. Noiz ohartuko gara politika publikoen leit motiv bakarra ezin dela hazkunde ekonomikoa izan?
Hau ez da afera autonomiko edo tokikoa, auzi globala baizik. Edozein gobernu motak hazkunde ekonomikoaren logika gogorretik aldentzeko zailtasun handiak ditu, baina hor ditugu mugak. Hor dugu, adibidez, petrolioaren gainbehera, klima aldaketa edo kostaldearen urbanizazioa. Planeta bat baino ez dugu, zabala bai, baina mugatua. Neurririk gabe haz gaitezkeela pentsatzeak ez du zentzurik eta kolapsora garamatza. Naturan ezer ez da neurririk gabe hazten.
Iraunkortasunerantz abiatzea ez da Lantaron, Muskiz, Lemoiz edo Pasaiako proiektu energetiko berriekin bateragarria. Zenbat megawatio gehiago behar dira? Noizko eguzki energiaren aldeko egitasmoak? Nuria López de Gereñu Garraio sailburuak AHT garapen iraunkorraren aldeko apustua dela dio, baina nork sinets dezake sofisma hori? Lastertasun handia ardatz nagusitzat hartu duen garraio politika horren justifikazio bakarra hazkunde ekonomikoa da, hori bai, izugarrizko inbertsio publikoarekin sustatua. Berdin, Bakion, Getxon edo Bastidan bultzatzen ari diren urbanizazio proiektuak. Logika soil bat dago, esku gutxi batzuen aberastea, nahiz eta gero «denon probetxurako» dela esaten diguten.
Ekonomia eta ekologia sinonimoak dira -«oikos» edo Amalurra-, guztion etxearen zaintzaz ari dira. Nire ustez, ez dago soluziobide ekologiko posiblerik, gure ingurumen agintari eta eurek baino askoz gehiago agintzen duten beste horiek, jendarte baten bizitzaren ezaugarri nagusia hazkunde ekonomikoa dela pentsatzen jarraitzen baldin badute. Hor dago koska. Haztea eta aldi berean ekonomia desmaterializatzea amets inozo bat baino ez da. Ez dago hazkunde ekonomikoa eta material eta energiaren erabilera edo garraioaren gorakada banantzerik. Hobeto bizi ahal izateko «des-hazkundeaz» mintza gaitezen. «Des-hazteko» garaia heldu zaigu, egiten ari garenaren guztiz kontrakoa.