GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko Lehiaketa

Nazabalek ez du barkatu, eta azken saioan erabaki du

Donato Larretxea azkeneko lanean ahalegindu zen arren, ezin izan zion Etxarrikoari aurrea hartu

p044_f02_111x111.jpg

Jon LEUNDA | AZPEITIA

Ez zen ezusterik izan, eta Floren Nazabalek berriro ere Urrezko Aizkorako txapela eskuratu du. Atzo lana egin behar izan zuen Donato Larretxea menderatzeko, baina Etxarrikoak bete zuen bere helburua.

Jende ugari batu zen atzo Azpeitira, Izarraitz pilotalekuan finala ikusteko asmoz; seiehun ikusle inguru izan ziren, eta jende gazte ugari izan zen harmailetan.

Aizkolariak, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu hasi ziren, eta Larretxeak lortu zuen garaipena; 32 kolpetan erdibitu zuen enborra, eta baten aldea kendu zion Nazabali.

Bigarren lanean tamaina bereko enborrarekin erloju kontra koan neurtu ziren, eta hor txapelduna atera zen garaile, 42 segundotan moztu baitzuen enborra eta hiruren aldea atera zion Larretxeari. Hirugarrengoan, kana-erdikoa zutik zuten mozteko, eta Larretxeak bereganatu zuen saio hau, minutu eta 38 segundotan bota baitzuen enborra, eta minutu eta 50 segundotan Nazabalek.

Atzoko finaleko gakoetako bat, ordea, 60 ontzakoan egon zen, Donatok ez baitzuen epaiarekin asmatu, eta hor Nazabalek aldea kendu zion. Minutu eta 48 segundotan bota zuen enborra txapeldunak, eta aurkariak, berriz, bi minutu eta bederatzi segundotan.

Arriskatu beharra

Bi lan besterik ez ziren geratzen, eta Larretxeak arriskatu beharra zeukan. Azken-aurreko lana egokia zen berarentzat, 45 ontzako bat zutik, eta beste bat etzanda moztu behar baitzuten, baina gauzak ez zitzaizkion ongi atera.

Proba honetan ere Floren atera zen nagusi, nahiz eta segundo bakar bateko aldea egon zen. 2 minutu eta 23 segundo izan zen bere denbora. Beraz, iraupen proba bakarrik falta zen, eta Nazabalek dena zuen alde. Saio horretan, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten. Larretxeak oso indartsu ekin zion, aurretik ibili zen lan erdiak bitarte, baina gero jo egin zuen, eta Nazabalek ez zion barkatu. 13.38 izan zen bere denbora, eta 14.43, berriz, Donato Larretxearena. Lan guztiak burutzeko, berriz, 20 minutu eta 54 segundo behar izan zituen Floren Nazabalek, eta 22 minutu eta 11 segundo, berriz, Donato Larretxeak.

Etxarrikoa, egindakoarekin gustura

Floren Nazabal oso gustura agertu zen prentsaren aurrean: «Banekien berak oso gogor ekingo ziola hasieran, eta hor eutsi behar niola, eta horixe egin dut. Gero, ni oso gustura aritu naiz, oso gorputzaldi onarekin nengoen, eta oso gustura nago egindako lanarekin», esan zuen txapeldunak.

Gazte ugari izan zen Izarraitzeko harmailetan

Azpeitiko Izarraitz pilotalekuko harmailetan gazte jende asko ikus zitekeen atzo gauean. Izan ere, maila nagusiko finalaz gain, 23 eta 18 urtetik beherakoen bi final ere izan ziren; bertan aritu ziren gazteek, beren lagun eta inguruko gazte asko erakarri zituzten eta giro polita eman zieten harmailei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo