Rekondok eta Erasunek ere aurreikuspenak bete dituzte
J.L. | AZPEITIA
Atzo gauean Azpeitian jokatu ziren beste bi finaletan ere aurreikuspenak bete ziren. Izan ere, Rekondo, 23 urtetik beherakoetan, eta Erasun, 18 urtetik beherakoetan, izan ziren txapeldunak.
23 urtetik beherakoetan Jon Rekondok lortu zuen txapela, baina amaieran erakusten duena baino lan gehiago egin behar izan zuen Mugertza II.a mendean hartu ahal izateko.
Iraupeneko lanera, leitzarra aitzinetik heldu zen, baina tartea oso txikia zen. Aurretik jokatutako lau probetatik hiru irabazi zituen, baina oso tarte txikiarekin.
Azkeneko lanean, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten, baina hor mutrikuarra ez zen ongi aritu, eta nafarrak ez zuen barkatu. Lan hori, 14 minutu eta 13 segundotan amaitu zuen leitzarrak, eta 16 minutu eta 8 segundotan gipuzkoarrak. Guztira, 18 minutu eta 35 segundo behar izan zituen Rekondok, eta 20 minutu eta 48n segundo, berriz, Mugertzak.
Epaia
Gazteenen finalean, berriz, Ander Erasun zen faborito, eta berak irabazi zuen; baina herenegun gauean Ohian Larretxeak epaiekin asmatu izan balu, agian gauzak bestelakoak izan zitezkeen.
Alde handi samarrarekin heldu ziren azkeneko saiora bi gazteak. Ordura arteko proba guztiak Erasunek irabazi zituen, baina Larretxeak epaiekin ez zuen asmatu ordura arte. Lan luzean, lau kana-erdiko moztu behar zituzten, eta Larretxea nagusitu zen.
Berako gazteak, ordea, epaiekin asmatu ezinik jarraitzen zuen, eta zuen aldea ia guztiz galtzen zuen amaieran. Hala ere, bukaeran alde nabarmena atera zion, 11 minutu eta lau segundotan amaitu baitzituen lanak Larretxeak, eta 11 minutu eta 30 segundotan Erasunek. Amaieran, lan guztiak burutu ahal izateko, 16 minutu eta 4 segundo behar izan zituen Ander Erasunek, eta 16 minutu eta 21 segundo Larretxeak.