GARA > Idatzia > Kultura

«Heriotzaz melatuta» dago Pello Lizarralderen azken eleberria

«Iragaitzaz -ilunbistan-» da Pello Lizarraldek (Zumarraga, 1956) kaleratu duen azken nobela. Kamioizale bat du protagonista nagusi, eta errepidea agertoki. Idazleak argitu bezala, Ereinekin plazaratu duen hau «heriotzak goitik behera zeharkatzen duen liburua da».

p048_f01_.jpg

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Ereineko editore Iñaki Aldekoaren esanetan, Pello Lizarralderen azken eleberri hau ere «esaldiz esaldi irakurri beharreko liburua da, esaldi bakoitzak adierazten duelako munduarekin loturiko zerbait. Pelloren nobeletan beti dago mugimendua, bidaia, hurbiltze bat; ez dakizu nora eramango zaituen bide horrek, baina nolabaiteko ibilaldia dago beti».

Mundua ikusteko, sentitzeko eta begiratzeko filosofia bat antzeman du Lizarralderen kontakizunean, baina ez Platon edo Descartesekin lotu daitekeen ikuspegi bati dagokiona; «narratzeko modu bati dagokion filosofiaz ari naiz. Munduaren aurrean jartzeko berezko modu bat dago hemen», argitu du.

«Iragaitzaz» izenburuko nobelan «melodramarako lekurik ez dago»; protagonista kamioilari bat da, baina autoreak azaldu du beste baten itzala ere, alegia, hil berri den beste batena, presente dagoela une oro.

Izenburutik abiatuta, berriz ere

Jose Ignacio Agorretak sortu du nobelaren azalaren irudia, eta Lizarralde «pozik» dago oso emaitzarekin. «Uste dut nire liburuetan murgiltzeko sarbide bat baino gehiago egon litekeela, eta azalak ere uste dut laguntzen duela behar den tokian jartzen irakurri aurretik». Bere ustez, beti baitago besteak baino argiagoa den sarbide bat, «eta liburuaren izena izaten da hori. Izen hori izan arte ez naiz inoiz idazten hasten eta muinerako bidean eta arrastoan jartzeko biderik zuzenena erakutsi beharko luke beti izenak. Asmo horrekin egin nuen oraingoan ere», gaineratu du. Irudi bat dago, beraz, liburuaren sorreran.

«Labur aitortuko dut: `Iragaitzaz' liburua heriotzak zeharkatzen du goitik behera. Heriotzak melatuta dagoela esango nuke», nabarmendu du idazleak. Nolanahi ere, segidan argitu du honakoa: «Ez nau kezka erlijiosoak edo filosofikoak bultzatu, harridurak eta horrek dakarren hutsune handi batek baizik; erabat edo pixka bat bete behar dena ongi bizi eta hilko bazara. Zerbait beharko dugu! Izan ere, erakutsi diguten ezerk ez digu balio izua saihesteko ahaleginean».

Lizarralderentzat, hain zuzen ere, «abailduta» geratzen gara ingurura heriotza agertzen denean: «Hala ere -esan du-, askotan uste izaten denaren beste aldera, ez da haiek utzi diguten hutsuneagatik, edo ez horregatik soilik. Haien heriotzak zuzenean geurean pentsarazten digulako baizik. Astindu horrek batzuetan ordu erdi irauten digu eta, beste batzuetan, gorabeherak izanda ere, bizitza osoa».

Bada, irakurleek kamioilarien eta errepideen munduan barneratzeko parada dute nobela honekin. Hori bai, «errepidea labirintoa dela esango nuke», aipatu du idazleak.

«Iragaitzaz» liburuak dakarren kontakizuna hirugarren pertsonan idatzita dago. Nolanahi ere, idazleak baliatzen duen hirugarren pertsonan badago, bere esanetan, «ahalegin bat; badut pretentsio bat, aitortu behar dut». Bere aburuz, alegia, erne ibili beharra dago idazterakoan. Sentimenduen aurrean kontentzioa lortzeko bide bezala darabil akaso, aitortzen duenez, «gorroto baititut nobela psikologi- koak, eta erretratu edo ahots on bat bilatzeko gehiago jakin behar da eta eroso egin behar da».

Istorio handirik ez

Irudimena eta istorioa literaturan «oso mitifikatuta» daudelakoan, Lizarraldek dio nobelan ez dagoela «kontatzea merezi duen istoriorik; nik ez diot horri garrantzirik ematen». Bestalde, pertsonaiei dagokienez ere, gogorarazi du iradokizunaren bidean jartzeko oso inportantea dela jakitea zer erakutsi eta zer ezkutatu.

1956an Zumarragan sortua, Iruñean bizi da egun Lizarralde. Aurretik ere idatzi du libururik: «Hilargiaren hotzikarak» (1978), «E'pericoloso sporgersi» (1984), «Hatza mapa gainean» (1988), «Sargori» (1994), «Un Ange passe -Isilaldietan-» (1998), eta «Larrepetit» (Euskarazko Euskadi Literatur Saria 2003).

«HERIOTZA»

Autorearen esanetan, «abailduta» gelditu ohi gara ingurura heriotza agertzen denean. «Hala ere, ez da haiek utzi diguten hutsuneagatik, edo ez horregatik soilik. Haien heriotzak zuzenean geurean pentsarazten digulako baizik», argitu du.

Fitxa

Izenburua: «Iragaitzaz -ilunbistan-».

Autorea: Pello Lizarralde.

Argitaletxea: Erein.

Saila: Narratiba.

Orrialde kopurua: 128.

Salneurria: 15 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo