GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Soinu-bitakorak sortzen ikasteko aukera Udako Ikastaroetan

Soinu editore berriak irratigintza lantzeko aukerak zabaltzen dituen arren, irrati-dramatikoa eta hotsen bidezko kontaketak ia guztiz desagertu dira zerrendetatik. Horregatik, Udako Ikastaroek soinu bitakorak sortzen jakiteko tailer praktiko bat bultzatu dute.

p0050_f02_89X80.jpg

GARA | GASTEIZ

Irratia informazioarekin lotzen dugu gehienetan, eta informazio hau testuarekin, hitzarekin. Hotsak eta isiluneak tartekatzen diren arren, soinu adierazpena musika eta testura mugatzen da. Testuinguru honetan, irrati dramatikoa eta hotsen bidezko kontaketak ia guztiz desagertu dira. Irratigintzaren analisi hau egin ondoren, «Zergatik ez soinu-bitakora?» ekimena antolatu dute Udako Ikastaroetako arduradunek. Tailer praktiko bat bultzatu dute, soinuekin jolasteko helburuz, bide batez istorioak azaltzeko asmoz. «Bitakora moduan, ikasleek mundua entzumenaren bidez jasotzeaz gainera, hotsez baliatuta inguruko paisaiak zein gertaerak azaltzen ikasiko dute», azaldu dute ikastaroko arduradunek.

Teknologia berriekin batera, soinu editore digitalek hobekuntza asko egin dituzte eta soinu-sormena lantzeko tresna ugari jarri dituzte edonoren eskura, muga bakar bat utziz: irudimena. Potentzial honi guztiari ahalik eta etekin handiena ateratzea izango litzateke helburu nagusia. Hortaz, ez dago soslai zehatz bati murriztua, baizik eta sormen lanak atsegin dituen edonori dago zuzenduta.

Egitarauari dagokionez, mundua soinuen bidez ezagutzen eta istorioak kontatzeko tresnak azalduko dira asteazkenean, uztailaren 23an, hain zuzen ere. Hurrengo egunean, soinu tailerra eta bitakoraren eraketaren lehenengo atalak egingo dira. Hiru eguneko ikastaro honen azkeneko jardunaldian, soinu tailerra amaitu ondoren ikasle bakoitzak bere bitakora bat eratuko du eta, ondoren, guztiak entzun eta ebaluatuko dira. Laburbilduz, entzuten ikasiz hasiko dute ikastaroa Iruñera hurbiltzen diren ikasleek, eta horretarako soinu ingurua aditu eta hots desberdinak bereiziko dituzte. Honen ondoren, bitakora osatuko da, hitza, musika, hotsa eta isilaldien bidez istorioa azaltzeko. Zergatik ez soinu bitakora?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo