GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hil zuteneko X. urteurrenean gogoan izan dute lizartzarrek Ina Zeberio

Lizartzarrek ekitaldi hunkigarria egin zuten atzo Ertzaintzaren tiroek orain hamar urte hil zuten Ina Zeberioren omenez. Bezperan Gernikan prestatu zuten ekitaldian makina bat traba jarri zituen Ertzaintzak herriko kaleak hartuz. Atzokoan inork ezin izan zuen, ordea, herritarrek eskaini nahi izan zizkioten loreak, kantuak, bertsoak, txalaparta doinuak eta, batez ere, hitz goxoak irits zekizkion ekidin. Urteak pasata ere, gogo-gogoan dute herritar eta lagunek.

p012_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

Bezperan Gernikan Ertzaintzak kalea hartu eta traba ugari jarri zituen Ina Zeberio ETAko militantearen oroimenez egin nahi zuten ekitaldia ospatzeko; atzo lizartzarrek omenaldi hunkigarri eta goxoa egin zioten orain hamar urte Gernikan Ertzaintzaren tiroek hil zuten Ina Zeberio herritarrari.

Txalaparta doinuek eman zioten hasiera ekitaldiari ordu bata pasatxo zenean Zeberioren omenez jarria dagoen oroitarriaren pare-parean. Dantzariek hartu zuten ondoren lekukoa loreak eta aurresku dotorea eskaini zizkioten. Familiaren eta herriko ezker abertzalearen lore sortak izan ziren hurrenak.

«Euskal polizia omen den Ertzaintza egunetan zure pausoen atzetik ibili ondoren gaueko ordu txikietan hil zintuzten, bala guztiak bizkarrean eta albo batean jaso zenituen», esanaz abiatu zen herritarrek Zeberiori zuzendutako mezua. Gogora ekarri nahi izan zioten bere heriotzaren berri izandakoan sentitu zuten samina. «Egun latzak izan ziren, gogoratzen dut Lizartzan herriko plazan bildu ginela gertatu zena sinistu ezinda; herritar asko bildu ginen eta ahal izan genuen omenaldi politena antolatu genuen. Euskal Herritar guztien erantzuna ere apartekoa izan zen, Lizartzan sekula bildu gabeko jendetza bildu zen; guztiok egon nahi genuen zuri azken agurra emateko unean».

Herriaren eta Euskal Herriaren egoeraz mintzatu zitzaizkion ondoren. «Lizartzako Udalean alkate arrotza inposatu digute azken bost urteetan eta bandera espainola jarri digute». «Euskaraz bizi daitekeen herri bat, herritarren nahiak entzuten diren nazio bat, poliziaren erabilera justu bat egingo den herri bat, preso politikorik gabeko herri bat... Bada, Lizartzan inoiz baino preso gehiago daude: Haimar, Garikoitz, Aitor, Koldo», gogorarazi zuten.

Hain justu, Haimar Altuna herriko presoak Meaux-eko espetxetik Zeberiori idatziriko lerroek hartu zuten lekukoa ekitaldian. «Askapen borroka honetan hamaika zarete bidean geratu zaretenak, gertakariak gertakari, arrazoiak arrazoi zuen berotasun ezak ederki kolpatu gaitu, sakonki sufriarazi digu, baina sufrikario guzti hau ez da hutsean geratu, ezta geratuko ere. Bai Ina, lasai egon zaitezke, Euskal Herria, zure herria, ongi zainduta dago, artilezko galtzerdiek hotza aldentzen duten moduan aukeratutako bidexkako harriak ez dira ez izoztuko, matxinatuok norberaren arimarekin aurrera goaz».

«Erailak, baino ez isilaraziak»

«Bahituak gauzkate, baina ez garaituak; zuek, aldiz, erailak izanik ere ez zauzkate ez isilaraziak, ez desagertuak, zuek baitzarete gure borroka senaren argi izpi», amaitu zuen espetxetik iritsitako mezu hunkigarriak.

Askatasunak ere hitza hartu nahi zuen agerraldian eta ohar batean azken urteetako zifra latzak ekarri zituzten gogora: kartzelatuak, torturatuak, gaixotasun larriekin preso dituztenak, hildakoak... «Azken 30 urteetako balantze errepresiboa beldurtzekoa da; baina txalotzekoa da euskaldunek duintasunez egindako ibilbidea, beti errepresiori aurre eginez eta bide berriak eraikiz, Euskal Herria nazio izateko bidean jarriz», ohartarazi zuen, eta honako gaineratu zuen: «Gure proposamen politikoa zabaldu behar dugu, herri honentzat irtenbide garrantzitsua izan daitekeelako».

Ildo horretan, «EAJ eta PSOEk inposatu nahi diguten mozorroturiko estatuari hankak geldiarazteko» argi ibili beharra dagoela nabarmendu zuen. «Ea behingoz gatazka honi irtenbide bat ematen diogun guztion artean», gaineratu zuen. Egungoa une garrantzitsu jo eta «kalera irteteko» gonbita egin zuen beste behin.

Lizartzarrek Zeberiori eskaini zioten ekitaldia abeslariek eta bertsolariek osatu zuten eta «Eusko gudariak» abestuz amaitu zen.

argazkiak

Herriko plazan Ina Zeberio hil zeneko eta ondorengo egunetan egindako ekitaldietako argazkiak jarri zituzten. Jendetza batu zen orduan Ertzaintzaren tiroek hil zuten lizartzarrari azken agurra emateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo