GARA > Idatzia > Editoriala

Ahots guztiak entzun, inor isilarazi gabe

ETAk «El Correo español»en aurkako atentatua egin zuen, atzo goizaldean. Bonbak kalte materialak eragin zituen Zamudioko parkean komunikabide honek duen eraikinaren kanpoko harresian. Erasoa egunkaria inprimatzen zuten unean gertatu zen, horrek errotatibaren lana gelditzera behartu zuelarik. Hala ere, bi orduren buruan makinak berriro martxan jarri zituzten, atzoko edizioa kioskoetara garaiz iritsi ahal izateko. «Ez gaituzte isilduko» izenburupean idatzitako editorialaren bitartez, bonbek ez dutela beren egunkariari «ahotapoia ezartzea» lortuko adierazi zuen hedabide bizkaitarrak, horrekin batera adierazpen askatasuna aldarrikatzen zuelarik. 1936ko apirilaz geroztik, Falangearen ahots gisa sortu zenetik, «El Correo español»ek ez dio bere irakurleekin duen hitzorduari muzin egin. 1945tik aurrera, «El Correo español» eta «El Pueblo Vasco» bateratu ondoren, frankismo garaian, ahots asko mututu zirenean, egunkariak kalera ateratzen jarraitu zuen. Finean, diktadore espainola hil ostean urte luzez bilduriko eskarmentuz (eta baliabidez) lagundurik, izenburu bera aurpegi berrituarekin azaldu zen kioskoetan.

Atzo «El Correo español»ek eta horren aurretik komunikazio talde berak pairatu dituen erasoei inolako larritasunik kendu nahi gabe, Euskal Herrian adierazpen askatasuna guztiz murriztuta dagoela gogoraraztea ez dago soberan. Tamalez, «Ez gaituzte isilduko» leloa ohiko bilakatu da gure artean. Eta gatazka politikoa bideratzen ez den bitartean, horrela izaten jarraitzeko arrisku handia dago. Joan den astean, hainbat legegile europarrek «Euskaldunon Egunkaria» auzian gertaturiko gehiegikeria juridikoa salatu zuten; heldu den hilean, «Egin» egunkaria eta Egin irratia isilarazi zituzteneko X. urteurrena beteko da. Ahots horiek betiko isilarazi zituen Estatu espainolak.

«Inork ez du inor isilarazi behar eta ahots guztiak entzun behar dira». Nork ez du hitz horiekin bat egiten? Bestela esanda, askatasuna aldarrikatzen duen oro hori oinarri hartuta lan egiteko prest al da? Benetako aldaketa demokratikoa behar da. Inork sekula bere burua «ez gaituzte isilduko» esatera behartuta senti ez dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo