Motoziklismoa | Kataluniako Sari Nagusia
Pedrosa da Rossiren aurkari zuzena aise irabazi eta gero
Litro laurdenekoan Simoncelli gailendu zen eta 125ccko mailan Di Meglio
Ander GARTZIA | BILBO
Argi berdea piztu zenetik koadrodun bandera jaitsi arte gidari bakarra nabarmendu zen guztien gainetik Montmeloko pista gainean: Dani Pedrosa. Kataluniarrak egundoko garaipena lortu zuen etxean, zaleen aurrean eta berak gustuko duen eran; irteera azkar bati esker aurrea hartu zien aurkari guztiei, eta behin eta berriz itzuli azkarrak eginez bakar-bakarrik geratu zen lasterketaren buruan. Atzoko erakustaldiari esker Pedrosak Rossiren bolada onari amaiera eman zion -italiarra azken hiru lasterketetan nagusitu zen- eta Jorge Lorenzoren hutsunea baliatuz italiarraren aurkari bakarra bilakatu da txapelketari begira, beti ere, Stonerren baimenarekin.
Lasterketa ostean pozik agertu zen Rossi. Aurreko postuetatik urruti abiatu arren, itzuliak pasa ahala aurkariak atzean uzten joan zen. Hiru itzulitan hiru gidari gainditu zituen helmuga osteko bihurgunean, eta gauza bera egin zuen handik gutxira Randy de Punietekin eta Stonerrekin. Azkenean, bigarren postuan sailkatu zen italiarra, australiarrarekin borroka estua izan eta gero.
Simoncelli eta Di Meglio
Litro laurdenekoan Marco Simoncellik ederki eskertu eta aprobetxatu zuen Alvaro Bautistak egindako oparia. Espainiarra lasterketaren buru zen azken itzulian, baina lau bihurguneren faltan bihurgunea gaizki hartu eta garaipena italiarraren eskuetan utzi zuen. Mika Kaliok ez zuen lasterketa bukatu, baina lidertzan jarraitzen du.
Bestalde, 125cckoan, Mike Di Meglio gailendu zen Pol Espargaroren eta egungo txapeldun Gabor Tamalcsiren aurretik. Garaipen honekin, frantziarra sailkapen nagusiko aurreneko postuan da Corsiren aurretik.
Efrén Vázquez bizkaitarrak hamaseigarren postuan bukatu zuen Kataluniako Sari Nagusia, eta postu bakarrera geratu zen punturen bat eskuratzeko. Hala ere, asteburu osoa kontuan hartuta, pauso handia eman zuela nabarmendu zuen Errekaldekoak: «Asteburuak aurrera egin ahala hobetzen joan naiz behintzat. Lasterketari dagokionez, gauzak okerrago joan dira; oso ondo ekin diot probari, baina zazpigarren itzuliaz geroztik pneumatikoek arazoak eman dizkidate. Gainera, ebakuntza egin zidaten besoan mina izan dut eta badirudi, berriz ere, ebakuntza-gelan sartu beharko dudala. Orkatila behintzat, askoz hobeto daukat».
A.G