Euskal Bizikleta
Jaitsieretan ere irabaz daitekeela erakutsi du Eros Capecchik
Euskaltel-Euskadiren lana biribilduz, Igor Anton buruan zen Arrate gainean, baina italiar gazteak azken kilometroan etapa eta itzulia ostu zizkion
Arnaitz GORRITI | ARRATE
Azken urteotan txirrindularitzan beherantz goraka bezain ongi moldatu diren garaileak erakutsi ditu: gure artean Miguel Indurain, abraham Olano, Samuel Sánchez edo Iban Mayo bera. Mundu mailan Paolo Savoldeli «aztorea-ren» jaitsierek bati baino gehiagori beldurra sartu dio.
Ez zuen halako erakustaldirik egin behar izan, baina beherantz ihes eginda nagusitu zen Arrateko helmugan Eros Capecchi, 22 urteko Saunier Duval taldeko italiar gaztea. Josean Fernandez «Matxin-en» mutilak meritu handiagoa izan zuen gainera, Usartzako azken maldetan ezin izan baitzion Euskaltel-Euskadiko Igor Antonen erasoari eutsi, -bazirudien biztaitarra nagusituko zela- baina zazpi segundo eskasera pasa zen eta galdakaoztarra erreferentziatzat hartuta ez zuen dudarik egin.
Izan ere, etapa ez ezik, Euskal Bizikleta bera ere zegoen jokoan. Liderra, Julián Sánchez Pimienta, zihoan taldea erabat suntsitu zuen Euskaltel-Euskadiko buruak, lau kilometrora bakarrik hanka egitea lortu zuen-eta. Indarrez atera zen eta talde laranjak Euskal Bizikletako azken etapan egindako lanari errematea jarriko ziola zirudien.
Alabaina, kilometro eta erdi falta zela, Capecchik Usartzako gaineraren ostean dagoen sasi-ordekan harrapatu eta atzean laga zuen, bere aurreneko itzulia eskuratuz. Podiuma Antonek eta Contentpolis Murtziako Palomaresek osatu zuten.
Zuzendariaren apustua
Aurtengo Euskal Bizikletaren ediziora arte ezezaguna zen Eros Capecchi, baina Italiako txirrindularitzaren harribitxietako bat dela erakutsi du Arrateko garaileak. Josean Fernández «Matxin-en» eskutik, 2008ko Giroa amaitu du, eta bost eguneko atseden laburraren ostean, Euskal Bizikletan nagusitzeko indarra erakutsi du. Bakiora bidean ihes eginda ibili zen eta atzo eman zuen errematea.
Bestalde, Matxinek berriro ere gazteen talentua ikusteko begi aparta duela erakutsi du. Liquigas taldeko txirrindulari zela, artean kontratua indarrean zuelarik, Basauriko zuzendaria bera izan zen Capecchiren alde egin zuena. Atzo, Arraterako bidean, jaso zituen aurreneko fruituak.