GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eskola txikiek herri eta auzoak pizten dituztela azaldu dute Zerainen

«Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik», aldarrikatu zuten hainbat ikasle, guraso eta irakaslek atzo Zerainen, XXI. Gipuzkoako Eskola Txikien Festan. Ikastetxe hauek herri eta auzo txikietako arima direla adierazi, eta osasun ezin hobea dutela erakutsi zuten.

p016_f01_140x96.jpg

Maider IANTZI

Giro berezia zen Zerainekoa. Adin guztietako umeak ari ziren jostetan. Makarroiekin lepokoak egiten, aurpegia margotzen eta tatuajeak diseinatzen, abestiak kantatzen eta dantzatzen, muralak egiten, sokatiran, oskolak biltzen, paratxutean ibiltzen... Eta neska-mutikoen inguruan gurasoak eta irakasleak zeuden dena ongi joan zedin lanean, berriketan, edo jolasean beraiek ere. «Eskola txikiak/ herri eta auzo/ geroaren bila/ pausorik pauso», aditzen zen txoko guztietan. Pirritx eta Porrotx pailazoek aurkeztu zuten abestia herriko haur eta gurasoekin batera.

Gipuzkoan, mota honetako 26 eskola daude denera. Zeraingoa da txikietan txikiena, bederatzi ikaslerekin eta mende laurdeneko ibilbidearekin. 80ko hamarkadaren hasieran, bizilagunek beharrezko ikusi zuten eskola sortzea herria biziberritzeko, eta lanari ekin zioten. Adin anitzetako ikasleak gela berean elkartuta eratu zuten ikastetxea. Eta, gainerako eskola txikietan bezala, ezaugarri hori onura bilakatzen jakin zuten ikasle, irakasle eta gurasoek. Gaur egun, eskola txikiak modernoak, kalitatezkoak eta aurrerakoiak dira metodologiari dagokionez. Komunitate bat dute gibelean. Ikaslea bere ikasketen protagonista da eta besteekin harremanak izanez ikasten du, gehiago dakitenekin, bai eta gutxiago dakitenekin ere. Irakasleak proposatutakoaren gainean, haur bakoitzak ikasprozesua eraikitzen du bere mailan. Komunitate horretan berebiziko garrantzia dute gurasoek; beraien parte-hartzerik gabe nekez garatuko da eskola proiektua. Haur, irakasle eta gurasoen inguruan herri dinamika interesgarriak sortzen dira.

Lehenengo festa

Orain sendo dago eskola txikien sarea, baina 1988an, Bidegoianen ikastetxe hauek indartzeko lehendabiziko festa egin zenean, ez zen horrela. Pello Ezeiza koordinatzaile lanetan zebilen garai hartan, Gipuzkoako eskolak zenbatzen, aztertzen eta txostenak osatzen, eta egoera latzagoa zela oroitzen du. Ordukoa da «Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik» leloa. Ekaitzei aurre egiteko eta aurrera egiteko indarrak biltzeko, irakasle batzuek elkarlana bultzatu zuten. Eskola hauen lana aldarrikatu, eta irakasleen prestakuntza eta koordinazioa bultzatu zuten.

Hurrengo urtean Berastegin egin zuten festa; 1990ean, Gaztelun; 1991n, Gabirian; 1992an, Aian; eta 1993an, Aizarnazabalen. Urte horretan beste urrats bat egin zuten: Gipuzkoako Eskola Txikien Guraso Elkarteen Koordinakundea sortu zuten eta horrek bidea sendotu zuen. Ordutik beste hamalau festa ospatu dituzte beste hainbeste herritan, beti helburu berarekin, herri txikietako haur, guraso eta irakasleek beren handitasuna indartzeko asmoarekin, eskola mota honek abantaila anitz baitu: goxotasuna, babesa, ikasle bakoitzarekin lan egiteko aukera, adin desberdinetako haurrak elkarrekin egotearen aberastasuna, herrien pizgarri izatea, naturarekiko harremana bultzatzea... Zeraingo festa aprobetxatu du GARAk hainbat jenderen adierazpenak bildu eta eskola hauek hobeki ezagutzeko.

«Adin desberdinetako umeak elkartzea aberasgarria da»

Gabirian eskola bakarra dago eta 51 ikasle ditu. Bi edo hiru mailarekin gela bat osatzen dute, adin desberdinetako umeak elkartuta. Hala, txikiek gehixeago ikasten dute handien ondoan, eta handiek txikien ardura hartzen dute. Irteerak ere elkarrekin egiten dituzte 3 eta 12 urte arteko neska-mutilek. Arantxa Dorronsoro eta Arantxa Aizpuru Guraso Elkarteko kideek oso aberasgarria deritzote horri. Haur guztiak batera ibiltzen dira eta denak dira lagunak, koadrilak ez dira mailaka osatzen, hirietan eta herri handietan gerta daitekeen bezala. Guraso hauek azaldu zutenez, arazo gutxien dituzten eskoletakoa izango da beraiena: ikasle dezente du, jangela bertan dauka eta garraioak ondo funtzionatzen du. Klaseetan, informazioa beste era batera lantzen saiatzen direla kontatu zuten. Haurrek informazioa bilatu eta lantzen dute, testuliburuak hainbeste jarraitu gabe. Egunkarietako albisteak irakurtzen dituzte eta herrian eta inguruetan ibiltzen dira. Orain, adibidez, uraren gaiarekin ari dira jo eta ke eta erreka aztertu dute. Herria bultzatzea ere bada eskolaren helburua.

Zubietan, eskola txiki geratu zaie eta handitzeko trabak jartzen dizkiete

Josune Iparragirre, Izaskun Goikoetxea, Nekane Zaldua eta Denis Galartza Zubietako gurasoak dira. Familia txiki bat direla baieztatu zuten, gertutasun handia baitago irakasle, haur eta gurasoen artean. Eskola txiki gelditu zaiela eta handitzeko trabak jartzen dizkietela agertu zuten. Hezkuntza Sailekoekin biltzeko zailtasunak dituzte, gainera. Ume batzuk eraikin prefabrikatu batean daude; bertan ez dago komunik eta beste eraikinera joan behar izaten dute pixa egitera. Guraso hauek adierazi zutenez, azpiegitura hobetzea dute helburu, baita 12 urte arteko haurrak hartzea ere. Orain 25 bat ikasle dituzte, 2 eta 8 urte artekoak. Jangela izatea da beste xede bat.

Herria haserre dagoela azaldu zuten, eskolatik 800 metrora erraustegia jarri nahi dutelako. Zubieta besteen zerbitzurako erabiltzen dutela eta ez dituztela bertakoen beharrak kontuan hartzen salatu zuten.

«Irakasleen egonkortasuna da behar nagusia, proiektuak jarrai dezan»

Pello Ezeiza irakasleak kontatu zuenez, Bidegoianen orain dela zazpi urtetik eskola berria daukate, baina txiki gelditu zaie dagoeneko eta eraikina handitzea planteatu diote Hezkuntza Sailari. Ez dute erantzun zehatzik jaso. Bere iritziz, irakasleen egonkortasuna da behar nagusia. «Kopuruak ondo daude, baina egonkortasuna ez da egokiena. Hezkuntza publiko orokorraren planteamenduarekin lotuta dago kontu hau, baina gugan eragin handiagoa du». Hiru irakasle finko daude orain, beste laurak eta lanaldi erdian dabilen bosgarrena aldatu egiten dira. Ezeizaren ustez, irakasleen finkotasuna egokia litzateke proiektuari jarraipena emateko. 20 urte daramatza eskolan, eta gero eta ikasle gehiago dagoela ikusi du: hasieran 18 ikasle ziren eta orain 49.

«Ez dago eskola handietako estresik eta banakako irakaskuntza lantzen da»

Arroan boom bat gertatu dela adierazi zuten Mia, Maria Luisa, Joseba eta Patxi gurasoek. Auzoan biztanle gehiago daude eta ia ume guztiak bertako eskolara joaten dira. Hala, 27 haur dituzte aurten, eta hurrengo urterako gehiago espero dituzte. Zenbat ume datozen ikusita, oso txiki geratzen ari da daukaten azpiegitura. Eskola berria eskatzean, ordea, betiko arazoarekin egin dute topo: diruarekin. Jangela martxan dute bosgarren urtez, baina baldintza kaskarretan, kultur etxeko ludoteka gelan. Eskola egiteko lurra izendatuta dago, baina proiektua geldirik. Zestoako herriaren parte da, eta Zestoak baditu beste eskola batzuk. Arroakoak zain daude, itxaropentsu. Eskola txikien sareak ere horretan indar pixka bat eman dezakeela uste dute dute.

Eskola mota honen abantailez galdetuta, goxotasuna, familia giroa, gurasoek eskolarekin duten erlazioa, eta irakasleen eta umeen arteko harreman sendoak aipatu zituzten. Umeak txikia den bitartean behar dituen gauzak eskaintzen dituela baieztatu zuten. Ez dago eskola handietako estresik, eta banakako irakaskuntza lantzeko aukera ematen du horrek. Miren eta Arantza irakasleek azaldu zutenez, metodologia azken puntakoa, eraikitzailea eta irekia da, umeen interesa abiapuntu duena. Sistema moldakorra da edozein unetan gai bat erraz aurrera eramateko.

«Eskola hauek asko indartzen dute Herri izaera, bizitasuna ematen dute»

Orain dela hamar urte ireki zuten Altzoko Imaz Bertsolaria Eskola bederatzi haurrekin, Juan Inazio eta Xabier gurasoek oroitarazi zutenez. Urteotan izugarri hazi eta sendotu dela azaldu zuten pozik. 55 haur daude, 2 eta 12 urte artekoak. Udaletxe azpian hasi zuten ibilbidea, baina bi urteotan ikastetxe berria dute, eta oraingoz ondo moldatzen dira, nahiz eta martxa honetan txiki geratuko zaien. 59 haur espero dituzte datorren ikasturterako. Gertutasuna eta gurasoen, haurren eta irakasleen arteko harreman estua aipatu dituzte hauek ere abantaila gisa, baita herri izaera indartzeko duen garrantzia ere. «Eskola itxita zegoenean ez zegoen oraingo bizitasunik. Umeak jolasean ibiltzen dira, oihuka, batetik bestera... Eta neska-mutikoen aitzakian gurasook ere elkarrekin egoten gara». Inguruarekin eta naturarekin erlazio estua dute Imaz Bertsolaria Eskolan: txitak jaio dira, kilkerrak harrapatzen dituzte zuloetan eta eskolara eramaten dituzte, landareak eta loreak landatzen dituzte... Ume txikiek eta handiek harreman handiagoa dute, eta horrela txikiek handiengandik ikasten dute eta handienak txikiekin beste era batera moldatzen dira. Altzoko gurasoek irakasleen iraunkortasuna eskatzen dute, «gehiegi aldatzen direlako». Gertatu izan zaie lau irakasle egon eta urtero hiru aldatzea, eta gutxienez erdia mantentzea eskatzen dute. «Denek bertan geratu nahi izaten dute».

Gipuzkoako Eskola txikien sarea oso sendo dago une honetan

Eskola bakoitzak Guraso Elkarte bat dauka eta koordinakunde batek lotzen ditu denak. Bertako lehendakari izendatu dute aurten Izaskun Carrera. Eskola Txikien sarea oso sendo dagoela adierazi zuen Carrerak, eta une honetan Eskola Mapa erabakitzen ari direla gaineratu zuen. Ikastetxe bakoitzean irakasle, guraso eta umeei galdetzen dihardute nola egin nahi duten barruko funtzionamendua. «Gure nortasuna, eskaintzen duguna, ahalik eta era onenean eskaintzea da asmoa, berezitasun hori ematea». Elkarbizitzako proiektua ere badatorrela aipatu zuen lehendakariak; hemendik bi urtera egon behar du martxan. Eta eskola guztietara nola ailegatu, bakoitzak zer nahi duen ari dira koordinatzen. Haur gutxi dituztelako eskola batzuk desagertzeko arriskuan daude, eta kopurua baino gehiago kalitatea nabarmendu nahi izan zuen Carrerak; bere ustez, ikastetxe txikietan ere eskain daitekeelako kalitatea. Eskola, herriak eta batak besteari ematen dion bizitasuna lotuta daudela azaldu zuen. «Herri guztiak lotzen dituen natura, bizimodua, gauza asko elkartzen ditu eskola txiki batek», esan zuen. Zerainen, adibidez, eskolarik ez balego haurrak herri handiago batera joango lirateke ikastera eta hango lagunak izango lituzkete. Erdibidean geratuko lirateke. Eskola herrian izanda, bertan bizi dira eta bertan dituzte lagunak. «Herriak eskolari asko ematen dio. Natura, baserritarrak, gure sustraiak hemen daude eta galdu egingo ditugu umeak ez badira hemen hazten. Gure etorkizuna, harrobia dira umeak, eta zaindu egin behar ditugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo