GARA > Idatzia > Gaurkoa

Iñaki Soto Filosofian lizentziatua

Will Kymlicka irakasleari gutun irekia

Kymlicka irakasle kanadar ospetsuak Bilbon gaur emango duen hitzaldia aprobetxatuz, Sotok, euskal herritarrei irakasle honen lanaren interesa nabarmentzeaz gain, Kymlicka berari gure herriak bizi duen gatazka eta egoera hobeto ulertzeko zenbait elementu azaltzen dizkio.

Irakasle agurgarri hori. Lehenik eta behin, izan zaitez ongi etorria Euskal Herrira. Ez dakit bertara etorritako lehendabiziko aldia duzun, baina teoria mailan gure herriaren historia, ibilbide politikoa eta gaur egun bizi dugun egoera zuretzat interesgarriak direla argi dago, tamalez edo zorionez, zure ikerketa lanetan aztertu dituzun fenomenoetatik asko gure egunerokotasun politikoaren, kulturalaren eta sozialaren parte direlako.

Beste ezeren aurretik, ezagutzen ez zaituztenei zure profila ematen saiatuko naiz. Labur bada ere, giza eta gizarte zientzietan egin dituzun ekarpenak aipatu nahi ditut, Euskal Herriko irakasleen, ikertzaileen eta ikasleen artean sortu duzun interesaren eta miresmenaren arrazoiak zure berri ez dutenei ezagutzera emateko. Jakina, zure lana ezagutzeko biderik zuzenena zure testuak irakurtzea da, eta horretarako gonbita ere bada idazkia. Ziur naiz irakurle gehienek zuk emandako argudioak noizbait entzun, irakurri eta eztabaidatu dituztela, baina ziur asko horietako askok ez dute jakingo gogoeta horietatik batzuk, hein batean bederen, zure gogoetetan dutela oinarri.

Will Kymlicka Filosofia Politikoan doktorea da, Oxfordeko Unibertsitatetik. Mundu mailan bizirik dauden lauzpabost filosofo politiko entzutetsuenen artean dago, D. Miller, M. Walzer, P. Pettit edo J. Habermasekin «lehian». Bere lanen artean, «Multicultural Citizenship» (1995), «Politics in the Vernacular» (2001), eta «Multicultural Odysseys» (2007) liburuak aipa daitezke, baina beste hamaika artikulu eta hitzaldi ahaztu gabe. Bere lanak 30 hizkuntzatara itzuli dira. Nik dakidala, euskara ez dago horien artean. Halere, gure irakasle eta ikertzaile askok erabili dute Kymlicka erreferentzia gisa hizkuntzari, emigrazioari edo nazionalismoari buruzko lanetan.

Berak aztertu dituen gaiak demokrazia eta sistema politikoak, estatuen antolaketa politiko-kulturala eta, batez ere, gutxiengo nazionalen, etorkinen eta estatuen arteko harremanak dira. Liberalismo politikoaren defendatzailea da, baina, adi, testuinguru anglosaxoian eta batez ere kanadar kultura politikoan liberalismoak ez baitu guk ezagutzen dugun frantziar eta espainiar ideologia liberalarekin zerikusirik. Ondorioz, irakasle «kontinentalek» sarri aurpegiratzen diote Kymlickari bere ikuspuntua ez dela zinez liberala, besteak beste, eskubide kolektiboen existentzia onartzen baitu. Gehiengoek gutxiengoak zapaltzea kezkatzen du Kymlicka, eta liberal klasikoek auzi honekiko erakutsi duten axolagabekeria salatzen du. Gutxiengoek estatuaren barruan izan behar duten estatusari dagokionez, banaketa argia egiten du emigranteen komunitateen (edo talde etnikoen) eta nazio komunitateen (edo gutxiengo nazionalen) artean. Bi talde klase horiek behar dute estatuaren aitorpena, baina nazioek babes handiagoa behar dute. Estatua ez dela, ezin dela etnikoki neutrala izan baieztatzen du, baina nazio gutxiengoen aitorpena sistema benetan demokratiko eta liberala izateko baldintza dela azpimarratzen du. Gizarte kultur-anitzetan eta globalizazioaren testuinguruan kokatzen ditu gogoeta horiek.

Kritiken artean, bere ikuspuntua Kanadako egoera soziopolitikoak baldintzatuegia dagoela esango nuke. Alegia, herrialde benetan liberal, kulturanitz eta demokratiko baten kide izateak onerako eta txarrerako baldintzatzen du bere lana, xalotasuneraino zenbaitetan.

Nolanahi ere, Kymlicka jauna, gutun honen asmoa ez da zure lana gorestea edo kritikatzea, baizik eta zuri gure herriaren egoera aztertzeko baliagarri izan dakizkizukeen zenbait elementu helaraztea. Adibide argiak, sinpleak eta ahalik eta paradigmatikoenak azaltzen saiatuko naiz, formatoak ez duelako auzi honek behar duen sakontasunerako tarterik uzten. Jakina, nik emandako adibide hauek errealitatearen parte bat dira, baina zure testuetan azaltzen denez, estatuek beti izango dute nazio txikietako herritarrek baino indar eta bitarteko gehiago behar bestetan beren argudioak ozen azaltzeko.

Hasteko, biolentzia politikoaren auziaz zerbait esan nahi dut, gure egoerari buruzko eztabaida kutsatzen duen elementua delako. Espainiarrek «kriptonita» balitz bezala darabilte argudio hau, ETAren biolentziak edozer justifikatuko balu bezala, bai teoria mailan, bai eta praktika politikoan ere. Halere, euskal biolentzia politikoaren arrazoien bila ez naiz zapalkuntza nazionalaren adierazpen argietan zentratuko, azken hamarkadan Estatu espainolean bi egunkari, aldizkari bat eta irrati bat itxi diren arren, eta honezkero gutxienez sei alderdi edo plataforma politiko legez kanpo utzi diren arren eta beste bi bidean dauden arren -guzti guztiak Euskal Herrikoak-, horietatik bata alderdi komunista eta bestea 1939an gerra galdu ondoren 1944an Pariseko liberazioan parte hartu zuen euskal alderdia, ANV. Ez dut torturetan eta 800 preso politikoetan zentratu nahi, NBEko begiraleek argi utzi dute-eta argi utzi beharreko guztia. Frantziar jakobinismoa ere ez dizut gogora ekarriko, ondo ezaguna baita Estatu horren «nation-destroying» politika.

Gehienetan aipatzen ez den beste kontu bat aipatu nahi dut, ETAk horren luzaroan irautea azaltzen duen kausetako bat, nire ustez. Espainiakoa da, mundu osoan, erregimen diktatorial batetik demokrazia formal baterako bidean, erregimen zahar horren aurka erresistentziaren buru izan den taldea sistema politiko berriaren negoziaketetatik baztertu duen trantsizio prozesu bakarra. Era honetan, frankismoaren aurka sutsuen borrokatu zirenak alboratuz, erregimen hura gidatu zuten faxismoaren eta hegemonismoaren kritikarik zorrotzena alde batean utzi zen trantsizio espainolean. Ez da, nik dakidala, horrelakorik gertatu beste inon (ez Latinoamerikan, ez eta Europako trantsizioetan ere, aldeak alde).

Honen ondorioak gaur arte irauten dute. Urteetan luzatu den kasua jarriko dizut. Francok Carrero Blanco almirantea izendatu zuen Estatuaren zuzendaritzan bere oinordeko izateko. ETAk Carrero hil zuen, Madrilen 1973ean, Franco hil baino bi urte lehenago. Era horretan, jadanik krisian zegoen sistema behin betiko hondatu zen. Ondoren gertatu zena historia da, baina historia horretan bada ahaztu ohi den gertakizun multzo bat. Carrero hil zuten militanteen artean gero ETAko buru izango zen bat zegoen: Jose Miguel Beñaran «Argala». ETArekin trantsizioaren ondorengo behin betiko estatusa ez negoziatzeaz gain, 1978an espainiar zerbitzu militar berezietako talde batek Argala hil zuen Ipar Euskal Herrian.

«Honezkero 30 urte pasa dira!» esango du norbaitek. Halaxe da, baina Argalaren heriotza ez argitzeaz gain, euskal independentisten buru zena, Arnaldo Otegi, kartzelan da une hauetan ekitaldi publiko batean Argalaren memoria goresteagatik; alegia, frankismoa politikoki hondamendira eramaten horrenbeste lagundu zuen hura eta Estatu espainolak ordainetan hil zuen hura omentze hutsagatik. Baina, areago, une hauetan Argalaren herriko alkate jeltzalea auzitan dago Madrilen bere herriko plaza batek Argala omentzen duelako espainiar talde ultraeskuindar batek jarritako salaketa dela kausa.

Amaitzeko, maila teorikoagoan, Euskal Herriak autodeterminazioaren auzian aditu desberdinek defendatzen dituzten sezesiorako baldintza guztiak betetzen dituela nabarmendu nahi dut. Euskal Herriaren sezesioa zilegi da demokratikoa delako (Philpott), horretarako kausa-justuak badirelako (Buchanan), nazioa garela onartuta dagoelako (Moore eta Miller) eta bizi dugun gatazka politikoa konpontzeko bitarteko baliagarria delako (van Walt van Praag eta Seroo). Bien bitartean, Estatu espainolak eta Estatu frantsesak ez dituzte zuk jartzen dituzun baldintzak betetzen. Kontraesan horretan, Estatuek beren legea ezartzen dute, bakoitzak bere egituraketaren eta konstituzioaren irakurketa erabat dogmatikoa eginez.

Badira, nola ez, beste hainbat gai interesgarri, baina hurrengo batean helduko diegu horiei.

Dear Professor, Wellcome to the Basque Country and thank you very much for your enlightening works. Best wishes...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo