GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zaborraren atez ateko bilketa sustatuko duela erran du ezker abertzaleak

Maider IANTZI |

«Alternatibak martxan jarri! Errausketarik ez!», aldarrikatuko dute hautetsi independentistek bihar, Erraustearen kontrako Gipuzkoako Plataformen Koordinakundeak Donostian deitu duen manifestazioan (18.00etan Bulebarrean). Bertze hainbat taldek eta sindikatuk bezala, ezker abertzaleko ordezkariek ere garbi adieraziko dute ez dutela iruzurrik eta errauste planten inposiziorik onartuko. Zaborraren arazoari konponbidea emateko atez ateko bilketa bultzatzeko asmoa dute, soluziorik garbiena, osasuntsuena eta ekonomikoena dela uste baitute. Beraien iritziz, errausketak, hondakinen sorrera murriztu beharrean, gizartean kontzientzia eza eta kontsumismo basatia sustatzen ditu. Atez ateko bilketa, aldiz, ingurumena gehien errespetatzen duen sistema da, gure arbasoek erabiltzen zutena.

Sistema aplikatuko dute

Gipuzkoako Aldundiak inork bere etxe atarian nahi ez duen errauste planta Zubietan inposatu nahi duela kritikatu zuten Usurbilgo eta Lezoko alkateek, Xabier Mikel Errekondok eta Aritz Salaberriak, eta Pello Gaskon Irungo zinegotziak. Azpiegitura horrekin herritarren osasuna arriskuan jarriko luketela gaineratu zuten. Beren ustez, birziklatzea da zaborraren arazoa konpontzeko gakoa, eta gaikako bilketa egitea da giltza. Sistema hori Usurbilen martxan jartzeko asmoa dute udazkenean, eta bertze hainbat herritara ere zabaltzen saiatuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo