GARA > Idatzia > Jo puntua

Josu Imanol Unanue Astoreka Gizarte ekintzailea

Beti prest lanerako edozein baldintzatan!

Prest egongo al gara langileok urteetan eta borrokaren bidez lortutako eskubide urriak galtzeko? Denborak esango digu, baina kontuz, zalantzak ditut hau guztia ez ote den izango aurretiaz neurtu gaituztelako eta jakin badakitelako gure indarrak zein ahulak diren

Badirudi langileok gauza guztiekin ados egon behar dugula. Beti han edo hemen jipoi gaitzaten prest, eta gustura! Orain, 12 orduz eztabaidan aritu ondoren, astean 65 orduz lan egin dezakegula erabaki dute Europar Batasuneko Lan ministro gehienek.

Ez dakit robotzat edo aspaldiko esklabo beltz gisa hartzen gaituzten. Argi dago patronalak, Txinan edo Indian aurkitu dituen lan baldintzak kontuan izanda, hemengoak ez garela hain produktiboak eta ziur asko alfer hutsak garela uste duela. Jakina, patronalarentzat hango egoera edo hemengoa aukeran izanda, nahiago urrunekoa, euro baten truke eta haur zein nagusi, guztiontzat, 24 orduko lanaldiak. Ez naiz txantxetan ari, aipatutako egoeran daudelako herri ez-garatuak; gainera, ezjakinarena egiten badugu ere, gogoratu beharra dago, bertoko enpresak izaten direla hori bultzatzen eta mantentzen dutenak.

Jakina, patronalaren helburua ahalik eta azkarren aberastea da, gure lan baldintzak kolokan jarri arren; ez nau harritzen euren eskaerekin bat eginez Lan ministroek aipatu erabakia onartzea .

Baina prest egongo al gara langileok urteetan eta borrokaren bidez lortutako eskubide urriak galtzeko? Denborak esango digu, baina kontuz, zalantzak ditut hau guztia ez ote den gertatu aurretiaz neurtu gaituztelako, eta jakin badakitelako zein ahulak diren gure indarrak aldarrikapen bati tinko eusteko.

Ikusi besterik ez dago; langileok inoiz baino klase-kontzientzia gutxiago daukagu, sindikatuen arteko harremanetan dagoen zatiketa ere handia da eta, hau guztia gutxi balitz, lan baldintzak kontuan izan barik geure artean ere lehiakortasun handia dago lanpostua eskuratzeko orduan.

Eta iraultza berri bat sortu da aspaldiko partez, baina nork sortua? Bada, patronalak berak. Zalantzarik gabe, lorpen handia da beraientzat; pentsa, orain gutxi 35 orduko lan astea aldarrikatu izan dugunean, horrelakoa ateratzea Lan ministroek. Bitartean, enpresaburuak kalkulagailu bat eskuan dutela, mozkinak zenbatekoak izango diren jakiteko irrikaz daude.

Urteetan aldaketa asko bizi izan dugu onerako zein txarrerako; orain lanak ez dira finkoak izaten, eta kontrakoa izan arren, asko eta asko gaude lanpostu bakoitzerako; honi gehituta zahartzat hartzen gaituztela 35 urtetik aurrera, akabo.

Eta horrela da, berdin die esandako baldintzak langileentzat jasanezinak direla jakiteak. Diru askoren edo gutxiren truke, inork ezin duelako bizitza osoan 13 orduz lan egin egunero, hau guztia osasun eta matematika kontua besterik ez delako. Baina helburua argi daukate, badakite inoren desesperazioarekin jolasten, badakite hemen ez badute horrelakorik lortzen, oso hurbil aurki dezaketela horretarako prest daudenak. Gainera, aspalditik ibili dira mezu garrantzitsu bi zabaltzen, aurretiaz gezurrak zirela jakin arren: ez zaizkiela komeni hemengo langileen baldintzak eta ondo prestatutariko langileen kopurua ez dela nahikoa dauden lan-eskaintzak betetzeko.

Bitartean, Lan ministro ustel batzuek patronalaren nahiarekin bat egin dute. Ikusteko dago langileen erantzuna nolakoa izango den. Asko dago jokoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo