Bizilagunek Errenteriako Udalaren utzikeriari egotzi diote Zudaireren heriotza
Joan den igandean Alaitz Zudaire neskatila autoak harrapatu zuen guneko bizilagunek Errenteriako Udalaren axogabekeria gaitzetsi dute. Maiz ohartarazi zuten arriskuaz, baina Udalak ez zuen neurririk hartu.
GARA |
Bost egun igaro dira Alaitz Zudaire hamaika urteko neska errenteriarra hil zenetik. Auto batek harrapatu zuen igande arratsaldean bizikletan zihoala zebrabide batean, La Fandería auzoan; astelehenean hil zen istripuak eragindako zaurien ondorioz.
Udaletxeko ordezkariek jakitera eman zutenez, gaizki aparkatutako auto bat zela-eta gidariak ezin izan zuen neska ikusi eta horregatik gertatu zen ezbeharra.
Istripua gertatu zen guneko bizilagunak kexu agertu dira Udalaren jarrerarekin. Ohar batean adierazi dute Udalari behin eta berriz jakinarazi ziotela gune arriskutsua zela, baina inoiz ez zietela jaramonik egin. «Horrelako istripu bat gertatuko zela argi zegoen» diote oharrean.
Alde horretatik, Udalaren eta batez ere trafiko gaiez arduratzen den zinegotziaren jarrera irmoki gaitzetsi dute. «Bi urte daramatzagu gure etxe aurreko errepidean astebururo autoak gaizki aparkatzen dituztela eta horren ondorioz zebrabidean ikusteko aukerarik ez dagoela salatzen». Bizilagunen esanetan, trafiko gaiez arduratzen den zinegotziak esan dien gauza bakarra udaltzainei dei egiteko izan da. «Sarri deitu diegu eta egiten duten gauza bakarra bertatik igarotzea da inolako neurririk hartu gabe». Hain zuzen, joan den maiatzaren 14an bildu ziren Udaleko ordezkariekin istripua gertatu zen lekuan bertan, eta neurririk hartu ezean istripu larri bat gerta zitekeela ohartarazi zieten.
Hori guztia kontuan izanda, Alaitz Zudaireren heriotza ekidin zitekeela salatu dute, eta trafikoko udal arduradunen axolagabekeria eta utzikeria direla ezbeharraren eragileak. «Seguru gaude orain neurriak hartuko dituztela horrelako beste istripurik gerta ez dadin, baina lotsagarria eta arbuiagarria iruditzen zaigu istripu hilgarri bat gertatu ostean izatea», adierazi dute oharrean.
Egun horretan bizilagunak Udalarekin elkartu ziren istripua gertatutako lekuan bertan zegoen arriskuaz ohartarazteko eta ezbeharren bat gerta zitekeela esateko.
«Horrelako ezbeharrak berriz gerta ez daitezen neurriak hartuko dituzte orain, baina lotsagarria iruditzen zaigu heriotza bat gertatu ostean izatea», adierazi dute bizilagunek.