GARA > Idatzia > Kultura

Liburu Gaztea eta Idazle Gaztea sariak banatu dituzte Donostian

Arantzazu Aizpurua, Iñigo Hernández, Nahia Madinabeitia eta Iker Lizeaga dira Idazle Gaztea sarietako irabazleak. Liburu gustukoenen artean, aldiz, Miren Agur Meaberen «Urtebete itsasargian» eta hiru itzulpen aukeratu dituzte Gipuzkoako hainbat eskoletako ikasleek.

p041_f01_.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Galtzagorri Elkarteak urtero antolatu ohi duen Liburu Gaztea eta Idazle Gaztea sariak emateko ekitaldia izan zen atzo Donostiako Koldo Mitxelena kuturgunean. Gipuzkoako ikastetxeetako gazteei zuzendutako programak dira biak ala biak, izan ere, Galtzagorrik azaldutakoaren arabera, euren helburua «euskal literaturaren produkzio berriena gazteengana gerturatzea» da, bai eta «gazteen interesak, iritziak eta literatur gustuak ezagutzea» ere.

Gazteek hartu zuten KM

Horiek horrela, literatura sari hauetan parte hartu duten gazte asko Donostian izan ziren atzo, Koldo Mitxelenako areto nagusia ikasgela zalapartatsu bihurtuz. Hori bai, guztiekin borrokatzeko hantxe zen Anjel Alkain aktore eta telebista aurkezle umoretsua ekitaldiko gidari lanak egiten.

Lehenik eta behin, gazteek ikasturte honetan irakurritako liburuen artean gustukoen izan dituztenen berri eman zuen Alkainek, Liburu Gaztea sariak, alegia. DBH 1eko ikasleek «Molly Moon eta hipnotismoko liburu miragarria» (Erein) liburua aukeratu dute, Jesus Mari Lasak itzuli duen Georgia Byng-en lana, hain zuzen ere. Itzultzailea izan zen saria jasotzen eta eskerrak ematearekin batera, Galtzagorrik gazteen arteko irakurzaletasuna bultzatzeko egiten duen lana goraipatu zuen. DBH 2ko ikasleek, bestalde, Miren Agur Meaberen «Urtebete itsasargian» (Elkar) lana aukeratu dute Liburu Gaztea sarirako. Idazleak sariagatik eskerrak eman zituen eta berea baino hobeak diren lanak badirela adierazi eta bertaratutako gazteei honela esan zien: «Itsasargi honetan lagun bat duzue».

DBH 3ko ikasleei dagokienez, «Anaren bakardadea»k (Erein) irabazi du, Jordi Sierra i Fabraren lana da eta Miren Arratibelek itzuli du. Saria jasotzen Ereineko Iñaki Aldekoa izan zen, eta bide batez «ikastoletako irakurketa dotoreagoa» izan behar duela aldarrikatu zuen. Azkenik, DBH 4ko ikasleek Xabier Olarrak itzulitako Mark Haddonen «Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia» liburua aukeratu dute. Olarrak garrantzitsuena jendearengana iristea dela esan zuen, eta liburu irabazlea aipatzerakoan ikasleek egindako irriek horixe adierazten zutela aipatu zuen.

Idazle Gaztea sariei dagokienez, narrazioa eta poesia arloetan bina kategoria saritu zituzten. Narrazio sailean, lehen kategorian, hau da, DBHko 1. zikloan, Andoaingo La Salle Berrozpe eskolako Arantzazu Aizpuruak irabazi du «Novenus magoaren ikasleak» lanagatik. Eta poesian, lehen kategoria honetan, berriz, eskola bereko Nahia Madinabeitia saritu dute «Zu» lanagatik.

DBHko bigarren zikloko narrazio saria Iñigo Hernándezentzat izan da «Uretan murgildutako abenturak» lana idatzi duena, hau ere La Salle Berrozpekoa; eta poesian sariduna Iker Lizeaga izan da «Gu guztion ama» izeneko lanagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo