GARA > Idatzia > Editoriala

Presoak bakerako giltza, esperientziak dioenez

Argigarriak izan ziren atzo Bilbon izan ziren irlandar preso ohi errepublikarrek egindako adierazpenak. Azken asteotan Madrilen epaitzen ari diren amnistiaren aldeko mugimenduko kideei beren sostengua agertu zieten eta, Irlandako gatazkan irtenbiderako ezinbestekoak izan ziren zenbait gako izan zituzten hizpide; esate baterako, presoen eta haienganako elkartasuna kriminalizatzea ezin dela inolaz ere bake prozesu bati ekiteko bidea izan.

Euskal Herriaren eta Estatu espainola eta frantsesaren arteko gatazka politikoa beste edozein gatazkarekin konparatzen denean, asko izaten dira berehala edozein antzekotasun ukatzen dutenak. Hartara, horien arabera, irudi lezake munduan edozein gatazka elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez konpon daitekeela, herri honek jasaten duena izan ezik. Konparazioak egitean, ordea, ez dute nabarmentzen gatazken konponbideari heldu dioten gobernuen edo estatuen eta Estatu espainola eta frantsesaren jokaeraren arteko alderik. Michael Coulbert eta Sean Lynch irlandarrek oso gertutik jarraitu zuten Irlandako bake prozesua, kartzelatik, hain zuzen, eta beren esperientzia oinarri, preso politikoei dagokienez, ezberdintasun nabarmenak ikusi dituzte, bake prozesu bati begira han ezinbestekoak izan ziren zenbait elementu agerian utzita. Gaur egun euskal preso politikoen egoera preso irlandarrek duela 20 urte zutenaren antzekoa dela esan zuten, haiek ere artean kriminal eta terroristatzat jotzen zituztenean. Egoera hori aldatzea eta preso politikoen estatusa aitortzea bake bidea errazteko ez ezik, hark aurrera egiteko gako garrantzitsua izan zen, prozesu hartan zuzenean parte hartzeko bidea eman zien eta.

Presoen kontrako errepresioa mingarria da, elkartasunaren kriminalizazioa eta haren ondoko zigorra bezala, berau errepresioa estaltzeko ahalegin hutsala; baina ez dirudi gobernu orok gatazka politikoak elkarrizketaren bidez konpontzeko duen betebeharrari ekiteko biderik onena. Ikasi egin behar da gaizki egindakoetatik, baina baita ondo egin dutenengandik ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo