GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Konponbiderik ez eta, errudunak behar

Alderantzizko proportzionaltasuna berriro egiaztatzeko, behintzat, paregabea suertatu da irlandarren gehiengoak Lisboako Itunari eman dion ezezkoa: zenbat eta konponbide gutxiago igartzen dion hausnartzaileak Europar Batasunaren etorkizunari, orduan eta gogotsuago arituko zaizu gertatuaren errudunak bilatu eta jipoitzen (hitzez; bestelakorik ezin dutelako, agian, batzuen kasuan). A zer haserrea harrapatu duten hainbat jaun-andere politikari, kazetari, pentsalari... dotorek!

Aukerakoa gertatu zaie halakoei Libertas lobby talde irlandarraren bultzagile nagusia eta, bide batez, ezetzaren suspertzaile eraginkorrenetakoa izan den Declan Ganley enpresariaren figura. Elementuaren lotura ekonomikoek (sobietar blokearen hondakinen pribatizazio ilunenekin) eta ideologikoek (Gerra Hotzaren eta egungo gerra beroenen suspertzaile estatubatuarretako batzuekin), egokiera bikaina eskaintzen dute norbait Europar Batasunaren aurka Troiako zaldia erabiltzen ariko litzatekeen susmoa ereiteko... oraingo honetan Ajax eta Odiseo zein liratekeen argitzera iritsi gabe, haatik.

Baina Lisboako Itunari ezetz esan dioten 862.000 irlandarrek Ganleyri jaramon egin diotela sinestea gehiegitxo denez setatienentzat ere (eta, bidenabar, halako jendetza Sinn Feinen edota ezetza proposatzen zuten beste alderdi eta taldeekin bat etor daitekeela aitortzea are gutxiago gustatzen zaienez)... irlandar herri osoa edo, behintzat, gehiengoa maiseatzeko tentaldiari gutxik egin diote muzin. Galantak esan eta idatzi dira: irlandarren imbecillitas-a aipatu du batek (latinez, dotoreago geratzen zelako edo); haien despotismoa salatu du besteak; berekoikeria eta zekenkeria ia denek. Europar zaletasun gutxikoak direla entzutea kasik atsegina gertatuko zaie egunotan irlandarrei.

Irain eta birao artean, bakan batzuek baino ez dute probestu abagunea egiaren alderik nabarmenena bederen azpimarratzeko: Ituna zuzenean onartu ala gaitzesteko aukera izan duten bakarrak izan direla irlandarrak... eta ezetz esan dutela. Eta hortik aurrera, Irlanda vs. Europa gisako interpretazio guztiak galtzaile txarren pellokeria propagandistikoak besterik ez direla.

«Konponbideen» bilaketarekin zuzenki lotuak, ordea. Hurrengo ituna, edo dena delakoa, inon ezingo dutela herritarrek bozkatu esaka hasi dira batzuk. Arazoa ez baitago Irlandan, eraikitzen (?) ari diren Europa horretan baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo