GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Oztopoak gaindituz, Garraxi irratia libreak uhinetan jarraituko du

GARA | GASTEIZ

«Garraxi Irratiak Altsasuko irrati librea izan nahi du, talde herrikoi bat, komunikazio alternatiboa eta lokala lantzen duena». Aurkezpenak helburuari buruzko zalantzarako lekurik ez du uzten. Hala ere, muga honetarako ibilbidean hainbat oztopo askori aurre egin behar izan diote Altsasukoek. Ekimenaren lehen pausoak 94. urtean eman zituzten, Langarra elkarteak udal irrati bat sortu nahi izan zuenean. Irrati legal bat abian jartzeko zailtasunak ikusita, «oztopo mila jartzen baitituzte», azaldu dute irratikoek, hedabide libre bat sortzea erabaki zuten. Dirua biltzeko ideia zorrotz asko aurrera eraman ondoren, 1997. urteko martxoaren 8an izan zen lehen emisioa. Bere egitasmoa praktikan jarri ahal izateko bidean, Iruñeko Eguzki Irratiak eta Gasteizko Hala Bedi-koek eskaini zieten laguntza azpimarratu dute Garraxi irratikoek. Lehen une horretatik, indarrak sendotuz joan ziren Altsasukoak -kd bat sortu zuten eta irratsaio mordoak zituzten martxan-. Hala ere, 2003. urteko amaieran igorgailuarekin «arazo larriak» izan zituztela azaldu dute. Hainbat saiakera egin ondoren, azkenean «emisioa kudeatzeko informatika sistema bat» jarri zuten martxan.

Informatikan aurkitu zuten, hortaz, igortzen jarraitzeko aukera eta, handik aurrera, hobekuntzak sartuz joan dira. Esate baterako, iaz webgune berri bat jarri zuten abian. www.sindominio.net/garraxi gunean sartzen denak irratiko saioen eta hango parrillaren musika blokeen berri eguneratua topatuko du», ziurtatu dute irratikoek. Saioak entzuteaz gain, haien berri ere jaso daitekeela nabarmendu dute. Azkenik, tresna berri honek irratikoekin harremanetan jartzeko bideak errazten dituela esan dute. Garraxi Irratiak jakinarazi du, beste aldetik, hobetzeko edozein proposamen entzuteko prest daudela.

Egun osoko igorpena

Duela hiru bat urte, egun osoko emisio izatera iritsi ziren. Hala ere, saio propioak gutxienak dira, eta saio-eskaintzaren zatirik handienak musika hautaketa entzuteko aukera ematen du. Emanaldi hauetan estilo desberdinetan banatuta daude orduak, entzuleek gehien atsegin dutena harrapatzeko arazorik izan ez dezaten. Irratsaioak bi dira: «Saltsa Berde» eta «La Hora Txorra». Horietako lehenak, asteartean, arratsaldeko zazpietan, ingurumena, ekologia, garapena eta azpiegitura handiek duten eragina jorratzen ditu. Horretarako berriak aztertzen dituzte, gertatukoari tokian tokikoaren ikuspegitik garrantzia emanez. «La Hora Txorra» saioak, bestalde, osteguneko gauak alaitzen ditu gaueko hamaiketatik aurrera.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo