Josebe EGIA
Amodioak zerikusirik ez duenean (I)
Maite dudan norbaitek istorio bat kontatu zidan. Gaur hasteko eta hurrengoan jarraitzeko asmoz, hark sorturiko gogoetak konpartitu nahi ditut zuekin. Agian norbaiti behar duen txinparta eragingo diolako. Edo hori sinistu nahi dudalako.
X-en istorioa amodiozkoa dela esanda laburbilduko genuke guztiok, baina tristea besterik ez dela uste dut. Nire lagunaren begiradak «dena ulertzen dudan arren, ezin diot beldurra sentitzeari utzi» esanez agurtu ninduelako, errealitate gordinez gainezka, kalea gure bizitzaren iragana izan nahi duten zatitxoez josita. Agian, zatitxo garrantzitsuenak. Odolean barna daramaguna biltzen dituzten hitzak kanpora daitezkeelako, baina ez dutelako ziurtatzen dena konponduko denik, itsaskorra baita odolean daramaguna.
Inoiz eman dudan besarkadarik luzeena eman nion, euripean. Aurpegia bustitzen zidatenak bere malkoak izateko itxaropenarekin, euri tantak beharrean, zerua gure gainean husten ari zela besterik ez sentitu baino, berak erabakitako etorkizun hoberako lehen urratsa ematen ari zelako ziurtasuna eta harrotasuna nahiago nituelako.
Norberaren burua maitatzen eta zaintzen ikasi nahi duenak nortasun menderaezina agertzen du. Ausardia behar da lehenik, onestasuna ondoren eta indarra emango dion lanketa pertsonala azkenik, eta agian mila aldiz puskatuko bada ere, eta gustatzen ez zaizkion gauzak onartu beharko baditu ere, bizitzari aurrez aurre begiratuko dio eta bertako etsaiei «zure ezintasunaren gainetik nago, ez al zara konturatzen?» esateko adorea edukiko du. Eta gero, besterik gabe, bere bidea jarraitu ahal izango du. Berak aukeratutako bidea, non garaipenek, eta erroreek ere, norberaren sinadura edukiko duten, eta ez da gutxi, horrekin soilik bestelako mundua eraiki daiteke. Baina sinistu egin behar da, eta hori da zailena.
«Amodio» hitza erabilita laburbiltzen ditugun zenbat istorio triste eta ezkutu munduan, pertsonak akitzen, kontsumitzen. Era ezberdineko amodioak eragiten dituen era guztietako istorioak: seme-alabei zerbait hobea ematearren jatorria eta seme-alabak uzten dituen B, aita gaixotua goxotasunez zaintzearren gauza askori uko egin behar dion A, edozein unetan belarrian gauza ederrak xuxurlatzen dizkion harribitxiari jarraitzearren atzerrian bizi den I... Eta beste milaka.
Baina badaude istorio batzuk ez dutenak amodioarekin zerikusirik. Dependentziarekin baizik; barruko hutsuneek eta gabeziek, nortasunaren zirrikituek eta bihotzaren taupadek sortzen dutena; hutsuneak, gabeziak, zirrikituak eta gero eta taupada ahulagoak elikatzen dituena. Eta azkenean hori besterik ez emateko gai bihurtzen gaituena. Behin jabetuta, hortik atera nahi duten emakume eta gizonak miresten ditut nik, horiek sinetsarazten baitidate gauzak alda daitezkeela. Irakaspen txiki horiek egunkarietako berri askoren ordez zergatik ez dauden galdetzen diot nire buruari. Lagungarriak lirateke. Eta beste galdera bat ere bai: zergatik B, A edo Iren atzean, gehiengo ikaragarrian, emakumeak egon ohi diren.
Pentsatuko duzuelakoan, datorren astelehenera arte.