GARA > Idatzia > Gaurkoa

Iñaki Antigüedad EHUko irakaslea eta Uraren Kultura Berria Fundaziokoa

Expo ala Ebro? Garapenak zer iraunarazi nahi?

Orain hasi eta hiru hilabetetan Expo gora eta behera ibiliko zaizkigu Ebroko meandro eraldatu berri batean handikiro eraikitako expo-gune hartan erakustokia dutenak, Expo hori bene-benetan zeren erakusleihoa den argitzera iritsi gabe. Hilabeteotan Zaragoza erreferente izango omen da munduan, ura eta garapen iraunkorra zer horien erreferente. Zaragoza baino ez; ez Ebro ibaia, ez Ebro arroa, ezta Ebro urez elikatzen duten Pirinioak ere. Hori behintzat argi erakutsiko du Expok. Nire gogoeta honek Expo bera du abiapuntu, ura helbide eta garapen iraunkorra helmuga. Izan ere, «ura eta garapen iraunkorra» jarri baitiote hotsandiko izen Expori.

Makroerakusketak, aitzakia. Soziologo jatorrek azaldu beharko lukete, azaldua ez badute behintzat, zergatik gaurko aurrerabidearen defendatzaile sutsuen handikeriak den-dena berria eta handia eraikitzera bultzatzen duen, etengabe eta mugarik gabe, gainera; aparte utzita eraikuntza sektoreak barne produktu gordinean duen eragina. Makroerakusketek, Expo izan edo Forum edo Copa America edo Olinpiadak edo... han, hor eta hemen ere, denek dute gauza bat bera oinarrian: haien ostean egin nahi denaren aitzakia direla. Bestela esanda, aurreikuspenak bete egiten dira horrelaxe planifikatzen dutelako planifikatzaileek, hau da, funtsean «atzeikuspen» dira. Eta hala ere, ez zaie beti nahi bezala ateratzen.

Izan ere, makroerakusketon ondoren kateatuta etortzen diren hirigintza operazioak ez dira bigarren mailako ondorio gisa hartu behar, erakusketak utzitako instalazioak berrerabiltzeko asmo hutsa balira bezala. Ez, eta honetan errealitatea agintari, hirigintza operaziook erakusketaren izateko funtsezko arrazoia dira, aldez aurretik izan ere. Hor, hemen eta han. Kasu gehienetan nahikoa zatekeen aurretik ziren eraikuntzak, azpiegiturak, baliatzea erakusketa bat ganoraz muntatzeko, Lehen Munduko hiri handiak izanda; are gehiago, erakusketaren helburua, ustez, garapen iraunkorrarekin lotuta badago. Horretarako nahikoa zatekeen erakusketaren helburuak mugatzea. Baina usteak ustel, ez da hori helburua, Expoa duen hiriaren «eraldaketa handia» lortzea baizik, hiria hiritzar bilakatzea, negozio mota baterako eta turismo mota bererako erakargarri bihurtzea. Aberri-hiritzarra lortzea, finean; akabo herrialdeak eta eskualdeak, metropolia da helburu, eta erakusketak helbide. Bilbon, Zorrozaurre-Manhattanetik harantzago eta kale-zirkuitutik honantzago, askok esango lukeen modura: «Bizkaitarron aberria Bilbo metropolia da», eta itsasadarrak Bilbori zor dizkiola bizia eta ura, hori ere pentsatuko du, seguruenik. Metropolia, hitz bakar batek hamaika handikeria eta gehiegikeria antolaturi bidea zelan eman dakiokeen seinale. Lurraldearen kontra bidea eman ere.

Ebro gaixoa. Aitzakia gauzatzeko aurre-aitzakia behar eta hona: Ura! Munduan ur-krisia dela medio begikotasun handiko gaitzat hartzen da ura, halako Expo baterako pizgarri aproposa. Eta aprobetxatuz Ebro Zaragozatik pasatzen dela, eta meandro bat oraindik zementatu gabea bazuela, antzua beraz, antza... Expo Zaragoza!, ez Expo Ebro. «La Expo funde su atractivo en el Ebro», irakurri dut informazio ofizialean, eta «que la ciudad vuelva a mirarse en el río» ere, Exporen justifikazio modura. Hiria, Expo bera, ibaiari egokitu ote? Ez! Ibaia hiritzar-nahiari egokitu beharra, horixe ekarri dio Expok Ebrori, Aragoiko hamaika eragile sozialek behin eta berriz salatu bezala: «La incoherencia de que un acontecimiento que pretende situar la ciudad como el centro mundial del agua no sea más amable con su seña de identidad hecha precisamente de ese elemento».

Inkoherentzia, bai, Pirinioetako herriei eskatzea arro-buruetako errekak egoki artatzeko, gero, beheko lautadan, ibai handiari erasotzeko, beti ere abizenean garapen iraunkorra daraman Expo baten izenean. Baina Zaragoza ez zuen El Pilarrek egin, Ebrok baino, askok ahaztua badute ere; Ama Birjina han izatekotan, geroago izango zen. Eta honen ostean zebra-muskuilua. Are gehiago, Ebro ez da hasten eta amaitzen Zaragozan, askok uste legez, goitik dator eta beherantz doa, ibaia delako, ibai, eta arroa duelako, harro. Argi esan du Expo kudeatzen duen sozietatearen buruak: «Se quiere incorporar el Ebro a la ciudad»; tamainako astakeria esatea ere! Zerk zer? Horra iraunkortasunaren betiko dilema. Hurrengo uholdeak direnean, Expo moduko makroerakusketek bultzatzen duten klima aldaketa lagun, orduan bai inkorporatuko dela Ebro hiritzarrera!, bertoko etorbide nagusia bailitzan. Daños colaterales modura hartuko al dute orduan? Ala kondena hutsean geratuko da ibaiaren atrebentzia?

Ebrori Expora moldatzea egokitu diote planifikatzaileek. Kanal bihurtu dute Expo ondoko ibai-tarte luzea, baita azud edo presa txikia bertan eraiki ere, hiru hileotan Expotik pasatzea espero duten -nahi izateari espero deritzote!- sei milioi bisitari-turista horiek joan-etorrian ibai-ontziz goza dezaten berez, sekula -santa bada ere- nabigagarria izan ez den ibai-tartea. Ibai bortxatua. Ekologoek diotenez, Ebro indarrez presatzeak zebra-muskuilua ugaltzea ekarriko du -ustez inork nahi ez duen muskuilu hori-. Horiek horrela, har zezaketen zebra hori Expoko maskota! Orain gutxi arte baratzerako baliatzen zuten meandro publikoa, Exporen ostean, golf zelaiek, enpresa parkeek eta hotel-apartamentuek hartuko dute modu pribatuan. Eta zer esan ibaiertzez? Berdin du Gobernu espainiarrak Europako Uraren Arteztaraua onartu izana, Ebroko ibarbaso batzuk Exporako lanak oztopatzera ausartu zirenez, moztu eta kito! Horretarako ez da makineria faltako, gero!

Hortaz, gogoan dut Uraren Kultura Berria Fundazioko ekologo ospetsu Narcis Pratek sarri idatzia: «La pretendida sostenibilidad preconizada por muchos políticos choca con la realidad de la planificación urbanística que programa su destrucción. Las zonas de ribera desaparecen sobre todo por la hipocresía. Por el doble mensaje político que aparece en todos los niveles de la administración: la sostenibilidad a la que todo el mundo se apunta y el crecimiento (económico) sostenido al cual no se desea renunciar. Los dos chocan frontalmente en las riberas, donde las voluntades de muchos concejales de Medio Ambiente o de planificadores con buenas intenciones son borradas por planes parciales o generales de los concejales de Urbanismo, que parecen vivir en otro mundo». Hipokrisiaz.

Baina ez dezala inork pentsa Ebron eta Expon baino ez dela hori gertatu. Bai zera! Gatozen, Ebro arroan gora, Lakuaraino. Horra «Ibaien eta erreken ertzak antolatzeko plana» izenekoak dioena: «El criterio general a aplicar es el de preservar en la medida de lo posible las condiciones naturales de las márgenes... En los cauces en los que para la defensa ante inundaciones, para la construcción de infraestructuras, o para posibilitar el desarrollo urbanístico, se requiera disponer encauzamientos o rectificaciones, se tratará de que estas intervenciones se resuelvan con tratamientos poco agresivos con el medio natural del entorno y que favorezcan la integración ambiental del cauce del río en el marco espacial del conjunto del valle». Kontuan izan plana Lurralde Antolaketarako tresna loteslea dela. Ibaia ibarraren esparruan integratzen lagundu? Zementu bidez, gainera? Horrelako zerbait pentsatuko zuten Expoko buruek. Machado zenarena gogoan: «Gaixo egotea baino latzagoa da sendagile txarra izatea». Ebron izan edo Gobelan izan.

Garapen irainkorra. Garapen iraunkorra da uraren laguna Exporen izenburu deigarrian. Betiko kontua, garapen horrena azaleko komodin modura darabilte ahotik ahora; kantarena gogoan... «zer ezkutatzen duen ez didanean ikusten uzten». Apustu egingo nuke Expo txalotzen duten horiek berdin txalotzen dutela Monegroseko basamortuan altxatu nahi duten Gran Scala aisialdirako makroproiektua, Ebrok gertu duen kasu bat baino ez aipatzearren. Tira, aurrerabidea ulertzeko batzuen modua. Halabeharrezko talka dago hor, ez dakit trenena izango den, baina talka izango da, batzuentzat iraunkorra dena beste batzuei -pertsonak, ibaiak eta arroak barne-, iraingarria zaigulako. Bada garaia garapen iraunkorraren benetako galdera bere krudelean plazaratzeko: funtsean zer da iraunarazi nahi duguna? Eta gaurko honetan: Expo eta Exporen ostekoa ala Ebro eta bere arrokoa, Pirinioetan hasita? Biak bateraezinak dira, naturaz. Einsteinena gogoan: «Ezin da arazo bat konponbidean jarri bera sortu duen pentsaera bera bide hartuta». Eta gaur-gaurkoz garapen iraunkorra dioten hori arazo bat da, Ebrotik hasita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo