GARA > Idatzia > Jo puntua

Euskaraz eraikiko duguna

Mila jende bildu da Ipar Euskal Herriari datorren urteetarako antolaketa kementsu bat aurkezteko. Milaka jende, eta elkarte eta egitura askotako ordezkariak bildu dira, lan egiteko kemena erakutsiz eta gerorako proiektuak badirela frogatuz. Estatu osoan dagoen maila horretako antolaketa bakarra da

Kirolak ez omen du deus ikustekorik politikarekin, baina Frantzia Eurokopatik kanpo geratu dela berri pozgarria da. Zenbait astez negarrez entzunen ditugu. Nahiz eta futbolari buruz berririk ez bilatu, guregana heldu dira. Horrela egunkarien azalak beste modu batez beteko dituzte, modu umilagoan agian, ez berri sakonagoen ezartzeko noski, gaur egun hori gehiegizkoa baita frantses prentsarentzat.

Alta, gertakariak badaude, 650 eskola okupatuta Hezkuntza Ministerioren politika salatzeko, irakasle postuen murrizketaren aurka. Badirudi erabaki horiek nor- maltasunez hartu behar direla eta antolatuak diren ihardukitzeak alde batera utzi behar direla berez hil daitezen. Frantziak Afganistanen duen soldadu kopurua emendatu ondoren, Djibuti laguntzea erabaki du, bai tropak igorriz, bai gerlako hegazkinak bidaliz. Frantziak herrialde horretan duen politikaz ez da deus azaltzen, haatik, gure diruarekin igortzen dituzte! Dominique de Villepin, lehen ministro ohiak berak gaurko prentsak boterearekin duen utzikeria, onespena salatzen ditu.

Horrez gain, aipa daiteke Jean-Luc Mélanchon diputatu sozialistak Frantziako hizkuntzen ezagupena Konstituzioaren lehen artikuluan sartu izanaz egiten duen salaketa. Ulergarria ez den errepublikaren defentsaren babespean etnizisten urrats gisa aurkezten du Konstituzioaren aldaketa. Alta, frantses hizkuntzaren nagusitasunak Konstituzioan duen indarra kontuan hartzen bada, frantses nazionalisten intolerantzia agertzen zaigu diputatu horren bitartez. Melanchonek hizkuntza gutxituek behar duten laguntzaren aurka joatea du helburutzat, eta bere alderdiaren barnetik iritzi atzerakoi hori aitzinarazteko saiatzen ari da.

Haatik, zentralismoa eta frantsesaren indarra ez dira Estatuan arriskutan. Pays Basque 2020 proiektuan aldaketarik ez dago horretan. Izan ere, mila jende bildu da Ipar Euskal Herriari datorren urteetarako antolaketa kementsu bat aurkezteko. Milaka jende, eta elkarte eta egitura askotako ordezkariak bildu dira, lan egiteko kemena erakutsiz eta gerorako proiektuak badirela frogatuz. Estatu osoan dagoen maila horretako antolaketa bakarra, ez du beste lurraldeetan parerik. Estatuak interes berezia duke horren kudeatzeko, neurtzeko eta nahi duen lekura bideratzeko. Eta horrela ari da. Lehendakari berria CFDT sindikatuaren eremutik heldu da, gogoratuko dugu sindikatuen artean antolatutako manifestazioetatik LAB sindikatua baztertzen dutela. Horrek erakusten du nolako tolerantzia dagoen sektore horietan, pentsa daiteke bertan arduradun egondakoek araberako eskuzabaltasuna duketela. Bestalde, diru ekarpena txikitu dute. Zergatik? Beharrak gutxituz joan al dira? Eta noski, helburu zintzoa dutela azpimarratzeko, euskaldunei bazka zerbait emateko, txostenen itzulpena egitea pentsatu dute. Horrela txosten guztiak bi hizkuntzetan eskuragarri direla goraipatzen digute. Ez zaie burutik pasako ez dugula itzulpenik behar, gure geroa geure hizkuntzan pentsatzeko gai garela eta horrela egin nahi dugula. Horregatik instituzioa behar dugu, geure instituzio politikoa, euskaraz eraikiko duguna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo