GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herritarrak borrokan lapurdin mugikorren antenen kokapena arautzeko

Telefonia mugikorraren teknologia garatuz geroztik, antenak agertu dira han-hemenka ingurumena inolaz ere kontuan hartu gabe. Estatu frantsesean, Europan bezainbat, horretaz eztabaida handia izan arren, eskola eta biziguneetatik urruti ipintzea hobesten dute. Asteotan, Lapurdiko herrietan antenen kokapena, altuera eta indarrari buruzko salaketak ugaritu egin dira.

p028_f01.jpg

Ainize BUTRON

Akotz, Bidarte, Hiriburu edo Urketa herrietako herritarrak dira azken asteotan telefonia mugikorreko antenen aurka oldartu direnak. Halako salaketak lehendik ere egin izan badira ere, oraingo honetan herritarrek benetako «kontzientzia hartze» bat erakutsi nahi dute, eta, telefonia mugikorraren esparruan beraien hitza entzunarazi. Herri bakoitzeko errealitatea ezberdina bada ere, taldea eratuz guztiek bat egitea erabaki dute eta, gaur goizerako Baionako karriketan manifestazioa antolatu dute. 

Donibane Lohizungo Akotz auzoko herritarrak izan dira borrokan sartu diren lehenak. Antena bat etxeetatik gertu zeukaten, eta operadorea obrak egiten hasi da bertan beste sei antena ipintzeko. Hiriburun, berriz, ikastolako gurasoak ohartu dira bat-batean ikastetxetik gertu bi antena zeudela lur eremu pribatuetan. Bata ikastolatik 52 metrora dago; bigarrena, 82 metrora. Bidarten ere, operadoreak antena kokatzeko obrak abiatu zituztelarik, inguruko bizilagunak oldartu ziren, eta lanak etetea eskatu zuten. Urketan, etxetik gertu antena daukan gizon batek borroka hastea erabaki du.

Oso egoera ezberdinak izanik ere, guztiek bat egiten dute antenen kokapenean «prekauzioaren printzipioa» finkatu behar dela esateko. «Gai horrekin ez dago eztabaidarik. Alta, han eta hemen antenek daukaten eraginari buruzko adibideak biderkatzen ari dira, eta herri askotan, itun bereziak finkatu dituzte antenen altuera, kopurua eta hedapena mugatua izateko», gogorarazi zuen Bruno Vaisse Akotzeko auzokideak.

Izan ere, antenen borroka horretan sartu direnen arabera benetako arriskua dago. «Lege testuak operadoreen alde egiten dute. Ez dute inongo oztoporik jartzen. Alta, 2007an adituek txosten bat kaleratu zuten esanez arriskua zegoela. Gainera testuetan argi esan da erietxe eta eskoletatik urruti ipini behar direla antenak. Baina, askotan hori ez da betetzen. Horrek argi erakusten du kalteak eragin ditzaketela», gehitu zuen. Eta, Suedian telefonia antenen gainean dagoen araudi zorrotza goraipatuz jarraitu zuen. «67an Amiantoa agertu, eta guztiek esaten zuten ez zuela inongo kalterik ekarriko. Hogei urte geroago debekatua izan da arriskutsua zelakoan», esan zuen Sara Lespiele Hiriburuko ikastolako guraso batek.

Kolektiboan elkartuta, herritarrek argi utzi nahi izan dute ez daudela «modernitatearen» aurka. «Guztiok dugu eskuko telefonoa, beraz ez gaude horiek baliatzearen aurka, baina, auzoetan finkatu nahi dizkiguten antenak ez diote behar bati erantzuten. Telefonia mugikorra garatuko dela aurreikusten dutelako jartzen dituzte», salatu zuten.

Itun bat

«Ez dugu borroka hau gure auzoetara mugatu nahi. Gai honi buruzko benetako eztabaida bat sortu nahi dugu», nabarmendu zuen Vaissek. Dagoeneko Akotz auzoko herritarrek antenen operadorea eta herriko etxea auzitara eraman dituzte. «Horrelako antenak ipintzen direnean eztabaida publikoa izatea aipatzen du legeak. Hasieratik eztabaida hori izatea eskatzen dugu. Aurkako eta aldeko adituak parte harraraziz, iritzi orokor bat izan nahi dugu. Baina, ukatu egiten digute. Ekainean izango da auzia», gehitu zuen. Auzia irabaztea lortuz gero, Akotzeko herritarrek antenen kokapenei buruzko arauak finkatzen dituen ituna egin nahi dute. «Hasieran Donibane Lohizunentzat finkatuko genuke. Ondotik, nahi genuke herri elkargoan hedatu, eta azkenean Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa osoan finkatua izatea», esan zuten, bukatzeko, beste hainbat ekitaldi egiteko asmoa zeukatela argituz.

 
ZABALTZEKO

Kolektiboa osatzen duten lau herrietako herritarren xedea antenen gaia iritzi publikoan zabaltzea da, eta, herritarrei arriskuei buruzko informazioa eskaintzea

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo