GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Manifestaziorako deia

Ahoa itxi nahi dietenei isilik erantzungo diete Iruñean

Isilarazten ahalegintzen diren horiek, isiltasuna izango dute bueltan datorren larunbatean Iru- ñean. Amnistiaren aldeko mugimenduaren ustez, aste honetan bertan amaituko den epaiketarekin, ahoa itxi nahi diote salaketa eta elkartasunari. beraiek, inoiz isilduko ez dituztela adierazteko, manifestazio isila antolatu dute.

p022_f01_111x111.jpg

O.LL.

Errepresioaren gordintasuna bere larruan jasan duen nafar andana, larunbatean, prentsa aurrean jarri zen, eta Nafarroak, eta Euskal Herriak, oro har, egun bizi duen egoera irudikatu nahi izan zuten: «Torturatua, eraila, ilegalizatua, sakabanatua, zigortua eta isilarazia».

Aitzitik, nabarmendu zuten «etsitzen ez duen, eta salatzen duen edota elkartasunean bizi den» Nafarroa ere irudikatzen dutela mahaiaren bueltan bildu ziren gizon eta emakumeek. «Horixe da Auzitegi Nazional espainolak isilarazi nahi duen Nafarroa eta Euskal Herria» salatu zuten aho batez.

Azken hiru hamarkadetan estatuek herri honen aurka erabilitako errepresioak hamaika aurpegi izan ditu, eta horren lekuko izan ziren Burlatan bildutako lagunak. Koldo Castañeda, Patxi Artze eta Ricardo Gartzaindia preso ohiak; tortura ezagutu duten Zaine Rekondo, eta Igor Portu eta Mattin Sarasolaren ahaideak; Poliziaren muntaien biktima izandako Ainara Gorostiaga eta Ikerne Indakoetxea izan ziren bertan. Larriki gaixorik baina gatibu dituz- ten Mikel Gil, Bautista Barandalla eta Marilo Gorostiagaren senideak ere agerraldian izan ziren, euskal presoen ahaide ge- hiagorekin batera.

Errepresioaren aurpegi anitzak

Abiarazitako sumarioetan auzipetuak diren hainbat lagun ere izan zen bertan, hala nola Luis Goñi, Expe Iriarte eta Alex Belasko. Mikel Castillo, Anjel Berrueta edo Peio Mariñelarena bezala, errepresioaren ondorioz hilik suertatu diren nafarren ahaideak ere izan ziren. Guda zikina eta poliziaren indarkeria pairatu duten herritarrak ere prentsaurrekora batu ziren.

Horien guztien izenean, Guardia Zibilaren eskuetan torturatu zuten Sotero Etxandi, eta Polizia espainolak hildako Anjel Berruetaren alargun Mari Carmen Mañasek hartu zuten hitza, Madrilen epaituak diren amnistiaren aldeko mugimenduko 27 kideei elkartasuna helarazteko. Adierazi zutenez, mugimendu horrek gurean egiten duen lana «beharrezkoa» da, eta errepresioa salatzen eta errepresaliatuekiko elkartasunean lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten.

Errepresioaren amaiera aldarrikatu zuten agerraldian. Baita amnistia ere. Etxandiren esanetan gainera, Euskal Herriak askatasunez erabaki eta bizi ahal izateko dituen arrazoi eta trabak gainditu ahal izateko «ezinbestekoa da» amnistia.

Apirilaz geroztik epaitzen ari diren auzipetuetako bat da Josu Beamount. Gogor salatu zuen Auzitegi Nazional espainolaren jarrera, eta Estatu espainolak, epaiketarekin, amnistiaren aldeko mugimendua «isilarazi» nahi duela deritzo; «gatazka eta horrek dakarren indarkeria luzatuz», gehitu zuen.

Haatik, mahaiaren bueltan bildutako lagunen apustua oso bestelakoa dela berretsi zuen, errepresaliatuekiko babesean, errepresioaren salaketan eta konponbide demokratikoan oinarritzen den apustua dela adieraziz. Horiek horrela, amnistiaren aldeko mugimenduaren aurka Madrilen amaitzear den epaiketa salatzeko manifestaziora deitu dute larunbaterako. Iruñeko autobus geltokitik abiatuko da martxa, 18:00etan eta ibilbidea isilik egingo dutela jakinarazi zuten.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo